Hermansoloña GKEarekin batera eta bere fundazioaren bidez Ulma taldeak ekimen solidarioa jarri du martxan. Kontainerra bete nahi dute gero Argentinako Jose C. Paz herrira bidaltzeko. Gogoratu behar da Oñatiko Hermansoloña Gobernuz kanpoko erakundeak zortzi urte baino gehiago daramatzala herrialde horretan hainbat proiektu bultzatzen.
Ekimen solidario honetan parte hartu nahi duten langileek eta bazkideek arropak, zapatak, eskolako materiala, kirol materiala eta abar eman dezakete. Ulma taldeak Oñatiko Garagaltza auzoko 51. zenbakian dituen zerbitzu zentraletan ari da materiala hori guztia batzen. Ordutegia ere ipini dute; astelehenetik egubakoitzera 08:30etik 13:00etara eta 14:00etatik 17:30era. Informazio gehiagorako, Ulma Fundazioaren webgunea kontsultatu daiteke; www.ulmafundazioa.com