Angel Iturbe: "Nik beti esaten nuen zinegotziak kondenatuta geundela herriko gaietan adostasunera iristera"

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko aza. 30a, 11:30

Eli Galdosi hartu zion lekukoa Angel Iturbek 1991n. Aurrez sei urtez izan zen zinegotzia: bi urte Korkostegirekin eta beste lau Galdosekin. 12 urtez Oñatiko alkate lanak egin ondoren 2003an utzi zuen politika Iturbek. Urte haietako errepasoa egin dugu Iturberekin.

1989an egungo Oñatiko Ur jauziak erosi zenituzten. Nola gogoratzen duzu garai hura?
Argi neukan zertan sartzen ginen, bai obligazioei dagokionez eta baita ondorengo etekinei dagokionez ere. Orduan, bageneukan esperantza nonbaitetik diru-laguntzaren bat jasoko genuela. Gaur, harrotasunez esan dezaket inork zentimorik eman barik geu bakarrik gauza izan ginela hori dena subentzionatu eta aurrera ateratzeko. Hori bai, gaizki pasatuta eta zorpetze handiarekin. Ziurrenez Europa mailako zorpetze handiena izango genuen, ia %40. Ondorioz, ez hilero baina bai hile askotan diru barik egoten ginen. Hortaz, diputazioak dirua aurreratu behar izaten zigun, baina diru-laguntzarik ez ziguten inoiz eman.

Laguntasuna, baina, izan zenuten EVEren aldetik.
Bai, laguntasun handia izan genuen: teknikoa, aholkularitza… Inbertsio guztia izan zen 1275 milioi; guk ipini genuen 850 milioi kreditu bidez eta EVEk 425 milioi jarri zituen. Gero, diru irabaziak ematen hasi zenean, EVEri akzioak irabazten genizkion.
Akzioen %90era iritsi ginenean geratu egin ginen. Zergatik egin genuen planto? Guk uste genuen ona izan zitekeela horrelako elkarte batean EVE bezalako bazkide bat izatea, edozer hondamendi gertatuta ere...

Kritika asko jaso zenituzten?
Kritikak jaso genituen ez guk hori erosi izanagatik, izan ere jendea ados zegoen. Kritikak jaso genituen herrian beharrezkoak ziren beste hainbat gauza ezin izaten genituelako egin dirurik ez zegoelako.

90eko hamarkadan, krisi garaian, sortu zenuten Oñatiko Etxegintza.
Krisi garaiak gogorrak izaten dira eta Udalarendako ardura handikoak, herritarrak gertuen duen erakundea delako Udala. 1993. urtean izan genuen krisi bat, ez gaurkoa bezalakoa. Orduan, horri aurre egiteko, Udalak sortu zuen Oñatiko etxegintza; %51 udalarena zen eta beste %49 Oñatiko hiru eraikuntza enpresek zuten. Orduan, adibidez, egin genituen Bidebarrieta auzoko etxeak. Aprobetxatu genuen etxebizitza sozialak egin eta lokalak egiteko.

Zure garaian hainbat anaitze egin zenituzten. Ze helbururekin?
Anaitze mota ezberdinak egiten ziren: batzuk Europan harremanak izateko egiten ziren; gure kasuan, Chateaubernardekin egin genuen.
Saharako Gleibat El Fula herriarekin, adibidez, laguntza anaitzea izan zen; Mexikoko Zacatecas eta Guadalajara herriak Cristobal de Oñatek sortu zituen; eta, Argentinako Jose C. Paz Jose Bicente Altubek sortutako herria da. Horiek anaitze historikoak izan ziren.

Bizi izan zenituen une gogorrak?
Ez, une gogorrak ez. Gure artean talde bezala ondo eramaten ginen, bagenekien bakoitzak zela pentsatzen zuen, eta politikan bakoitzak bere iritzia zuen; baina, herriko gaietan, nik esaten nuen kondenatuta geundela adostasunera iristea. Zinegotzi baten lana da herriarendako lan egitea.
Gogoan dut %97ko adostasuna izan genuela osoko bilkuretan. Ohitura geneukan bakoitzak bere arrazoiak aurkeztu eta gauza garrantzitsuetan adostasunera iritsi arte eztabaidatzea. Mozio politikoetan ez zen horrelakorik gertatzen, hor bakoitzak bere iritzia zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak