Ulmak antolatuta Internet izango dute Oñatin hizpide '2.0 Gurasoak' izeneko mintegian

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko aza. 25a, 15:45

Gaur azaroak 25, hitzaldia egingo du 12-16 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoendako Mondragon Unibertsitateko irakasle Montse Ereñok. Sareak eskaintzen dituen aukerez eta arriskuez berba egingo du 18:00etan hasita Ulman bertan.

1.    Zergatik du Internetek hain arrakasta handia gazteen artean?
Internetek aukera asko eskaintzen ditu. Munduko edozein lekutan dauden lagunekin zein senitartekoekin kontaktuan egon gaitezke, edozein motatako albisteak jaso ditzakegu, eguraldiari buruz informazioa jaso dezakegu denbora errealean... Gainera aisialdirako aukerak ere eskaintzen ditu; on-line jokoak... Internet asmakizun handia da!

2. Ze erabilpen egiten dute gazteek?
Sare sozialak erabiltzen dituzte gehienbat eta informazio iturri moduan. Argazkiak, ikus-entzunezkoak, musika trukatzen dute... elkarrizketa multimedia da egiten dutena eta horretarako messengerra, txatak eta Tuenti zein Facebook erabiltzen dituzte horretarako. Adinaren arabera aukeratzen dute medioa.

3. Helduen artean ezagutza eza da nagusi eta horrek konfiantza eza sortzen du, ezta?
Horrela da. Guraso asko faszinazioaren eta ikararen artean aurkitzen dira. Ikusten dute seme-alabak ze erraztasunarekin erabiltzen duten Internet eta pentsatzen dute ez dutela medio hori sekula menperatuko. Gurasoek jakin behar dute ez dela ezagutza tekniko handia behar Interneten erabiltzaile izateko. Nahikoa dira jarrera baikorra eta ikasteko prestutasuna erakustea. Interneteko erabiltzaile izatea  giltzarria da bide horretan seme-alabendako lagungarria izateko. Internet dibertigarria, osasungarria eta hezitzailea izan daiteke. Eta pauso horretan nora jo jakitea ezinbestekoa da. Mondragon Unibertsitatean, esaterako gurasoei zein hezitzaileei zuzendutako formazio saioak egiten ditugu. EHUko udako ikastaroetako azken edizioan ere parte hartu dugu.

4. Zeintzuk dira hainbestetan entzuten ditugun Interneten arriskuak?
Edukiak, kontaktuak eta merkataritza dira arrisku horiek. Gazteendako egokiak ez diren edukiak daude, arriskutsua izan daiteke arriskutsuak diren harremanak egitea (pederastak, jazarpena egiten dutenak...) eta halaber kontu handia eman behar da iruzurrekin edo apustu jokoekin.

5. Ze arriskuren berri eman behar diegu seme-alabei?

Kalean, bizitza errealean, ezezagunekin kontuz ibiltzeko esaten diegun moduan Interneten ere berdin jokatu behar dutela esan behar diegu eta ohartarazi behar ditugu Interneten argitaratzen dugun informazioa, argazkiak edo edukiak ezin direla gero ezabatu. Beraz kontuz horrekin. Kalean ezezagun bati kontatuko ez zeniokeena ez igo Internetera.

6. Helduok ahalegina egin behar dugu Internet ezagutzen?
Gazteek, orokorrean, helduak baino ezagutza zabalagoa dute Interneti buruz eta datuek erakusten dute gehienek zaindu egiten dituztela datuen zabalkundea eta abar. Kontua da gero eta adin txikiagoarekin hasten direla Internet erabiltzen eta kasu horietan gurasoek arduraz jokatzea ezinbestekoa da. Bai ahalegina egin behar dugu medioa ezagutzeko eta erabiltzen ikasteko. Ez dago beste biderik Internetek komunikazio eta formazio erreminta moduan eskaintzen dituen abantailez baliatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak