"Emakumeak, jotzen duen gizon horrengan aurkitzen du laguntza bakarra askotan"

Edu Mendibil 2010ko aza. 25a, 11:05

Tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeak ulertzeko gakoak plazaratu zituen Pilar Legarra psikoterapeutak Oñatin berbaldi baten, Oñati Ezkerretik koalizioak antolatuta. Era berean, horrelako kasuetan biktimei nola lagun diezaiekegun azaldu zuen.

Gorrotoa bakarrik ez, tratu txarren atzean gaizki ulertutako maitasuna dagoela aipatu duzu.
Halaxe da, bai. Amodio erromantikoaren ideiara jotzen badugu, sufrimendua dago plazeraren aurretik. Film askotan ikusi dugu hori, gatazka izugarriaren ondotik datorrela sekulako pasioa. Tratu txarren faseetan ere hori antzematen da: tentsio uneak eta agresibitatea, psikologikoa batez ere, lehenbizi; zartakoak, biolentzia fisikoa bigarren fase baten; eta barkamena, azkenik, berriro ez dela errepikatuko agintzen duen mezua. Normalean, justifikatzeko, kanpoko arrazoiak bilatzen ditu tratu txarren egileak: "egun txarra izan dut", "arazoak ditut lanean", eta horrelakoak. Edo, bestela, oldartsua dela. Baina halakoak etxean bakarrik izaten dira oldartsuak, ez etxetik kanpo.

Eta zerk oztopatzen du emakumea gizonarengandik alde egitea?
Barkameneko fasean, emakumeak sinistu egiten dio gizonari. Eta fase horri eztei-bidaiaren fasea esaten zaio. Emakumea bera erruduna dela sinestera iristen da askotan, berak probokatzen duela gizona. Eta disonantzia bat sortzen da: alde batetik, emakumearen eskemetan onartezina da norbaitek bera erasotzea, jotzea; baina bera ere kanpoan topatuko ditu gizona justifikatzeko arrazoiak, errudun sentituko da eta isolamendua etorriko da, lagunengandik eta familiarengandik urruntzen hasiko da. Eta sinestezina bada ere, jotzen duen gizon horrengan aurkituko du laguntza bakarra. Egiten duena egiten duela ere, sekula asmatzen ez duela ikusiko du. Egoera horretan emakumea erabat galduta dago eta ez zaio batere erraza gertatzen laguntza eskatzea.
 

Nola atera daiteke zulo horretatik?
Ikusten duenean tratu txarrak eta jipoiak behin eta berriz errepikatzen direla, hasiko da egoerari buelta ematen pentsatzen. Ordurako, estresa, lo arazoak eta depresioa hor daude. Emakumea pusketatan zatituta dago, buruaz beste egitea edo alde egitea bururatzen zaio, eta medikuarengana jo behar du tratamenduan jartzeko. Gizarte zerbitzuak ere ate ona dira informazioa eskuratzeko. Eta lehenik eta behin, gertatzen zaiona ulertzen lagundu behar zaio. Sare berriak sortzeko eta estrategiak lantzeko, bizpahiru hilabetez-edo, taldekako lana interesgarria da oso.
 

Errudun sentsazio hori ez da karga makala.
Genero indarkeriaren legea dugu 2004tik, baina emakumearen arazo bat balitz bezala ikusten da eta gizonari gaizki begiratzea lortu behar dugu. Aurrerapauso handia izango litzateke hori. Maitasuna dominazio batetik ikusten du gizonak eta nork agintzen duen argi uzteko jotzen du emakumea. Tratamenduan zera lortu behar dugu: gizonak ardura duela eta bera dela indarkeria erabiltzen duena.
 

Gizon gutxi izango dira tratamendura jotzen dutenak...
Motibazioa kanpotik etortzen zaie; 2 urte baino gutxiagoko kartzela zigorrengatik ez dute kartzelara joan behar, eta trukean tratamenduan jartzen dituzte. Baina estatistiken arabera, %30 bakarrik ez da berriro tratu txarretan jausten.
Edozein modutan, halakoak gertatzeko zerk huts egiten du?
XXI. mendeko erronka emakumeenganako indarkeria desagertzea da. Etxeko eta eskolako hezkuntzan lana egiteko dago, baita mutilen hezkuntzan ere bai. Mutilengan negar egitea ondo ez dagoela entzuten dugu oraindik; eta emozioak landu beharra dago. Emakumeak negar egiten du tristeziaren aurrean; gizonak, aldiz, amorrua azalerazten du askotan eta hortik dator biolentzia... Erantzunkidetasuna edo korresponsabilidadea etxean hasi behar da. Eta emakumea normaltasun oso batekin iritsi behar da boterera, lanean, gizartean. Izan ditzagun harreman berdinak eta aukera berdinak, sortu ditzagun bake-loturak. Feminismoa desagertzea horren adierazgarri ona litzateke.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak