Olaia Gil: "Gonbidatuko nituzke tratu txarren kontra egin behar dugula diotenak"

No me hagas daño antzezlana Donostia Hiria Kutxa Saria-2010 irabazi zuen testuan oinarrituta dago. Ttanttaka taldeak emanaldia egingo du egubakoitzean  Oñatiko Santa Ana antzokian  22:30ean. Olaia Gil da protagonistetako bat. Harekin egin dugu berba.

Izenburu gogorra duen antzezlanarekin zatozte Oñatira. Zer kontatzen duzue?

Tratu txarrei buruzko antzezlana da. Sexu-indarkeria oinarri hartuta, thriller estiloan istorio polita kontatzen dugu. Kontakizun hunkigarria da.

Eta zein da zure papera?

Tratu txarrak jasan dituen emakumearen alaba naiz, Paula. Guztira, bost pertsonaia igoko gara oholtzara: nire gurasoak, psikologoa, nire lagun kolonbiarra eta ni neu. Guztiok gara garrantzitsuak antzezlanean. Guztiok dugu gure betebeharra. Puzzle bateko piezak gara.

Punta-puntako aktoreekin egiten duzu lan.

Bai, hala da. Kike Diaz de Rada  (aitaren papera egiten du), Maiken Beitia (tratu txarrak jaso dituen ama), Isidoro Fernandez (psikologoa) eta Tania de la Cruz (lagun kolonbiarra) bezalako aktoreekin egiten dut lan. Euren curriculumak ikusita, argi dago, punta-puntakoak direla, eta hori oholtza gainean nabaritzen da.

Nola sentitu zara eurekin lanean?

Oso, ondo. Asko ikasi dut eurekin. Neretzako lehen lan profesionala izan da, eta horrelako maila duten aktoreekin lan egitea luxua da. Eguneroko lanak asko ematen dizu. Baina, lankideekin bakarrik ez, Fernando Bernues zuzendariarekin ere asko ikasi dut. Eskola batean egotea bezalako esperientzia izan da.

Lehen lan profesionala eta gainera tratu txarren gainekoa. Kosta egin zaizu papera egitea?

Oso zaila da halako istorio batean sartzea. Ni alaba naiz, baina entseguetan, egunero, giro horretan sartzea gogorra da. Azken finean, gure helburua da tratu txarrak sufritu duen pertsona baten istorioa sinesgarri egitea, eta horretarako paperean sartu beharra dago, buru-belarri.
Lagunekin askotan hitz egin dut horri buruz. Ze zaila den egoera dramatiko bat antzeztea, eta sentimenduak sinesgarri egitea. Baina, lortu dugula esango nuke.

Nortzuk gonbidatuko zenituzke gaurko emanaldira?

Umeak kenduta, edonor gonbidatuko nuke. Lan hunkigarria da, barruraino sartzen den horietakoa. Ikusle batzuk pentsatu baino gutxiago sufritzen dute, eta beste batzuek alderantziz.
Gogorra da, baina tratu txarren kontra egin behar dugula diotenak gonbidatuko nituzke. Azken finean, gai dramatikoaren atzean istorio bat dago. Bene-benetan, pena merezi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.