Oñatiko Udalak energia berriztagarrien alde duen jarrera berretsi du Alkateen Ituna sinatuta

Usoa Agirre 2010ko aza. 19a, 15:22

Europar mailako akordioa da eta helburuak dira 2020rako CO2 isurketak %20 murriztea, energia kontsumoa %20 jaistea eta kontsumitutako energiaren %20 berriztagarria izatea.

Energiaren Euskal Erakundeak zuzendutako ekimen europarra da sinatu dutena, eta EAEn lehendik atxikimendua sinatua duten beste bost udalekin batera arituko da energia iraunkortasunaren alde lanean Oñatiko Udala. Europan, dagoeneko, 2.100 herri eta hirik egin dute bat ekimenarekin. Helburua da lankidetzan arituz, energia kontsumoa gutxitzea eta emisio kutsagarriak murriztea.  

Alkateen ituna 20-20-20 bezala ere ezagutzen da. Izan ere, 2020. urterako helburu du CO2 isurketak %20 murriztea, energia kontsumoa %20 jaistea eta kontsumitutako energiaren %20 berriztagarria izatea.  

Konpromisoa energia berriztagarriekin

Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak esan du Oñatik aspaldidanik duela konpromisoa energia berriztagarriekin. Horren adibide direla, adibidez: orain dela 20 urte Oñatiko Ur-jauziak erosi izana, azken bost urteetan eguzki plaken alde egin duten apustua, garraio publikoaren alde eginiko lana edota bizikleta-plana.   

Bide horretan jarraitzeko konpromisoa hartu du Oñatiko Udalak akordio hau sinatuta eta baita hainbat ekintza burutzekoa ere, besteak beste: emisioen inbentarioa egitea, urtero Ekintza Plana aurkeztea, Udalaren egiturak egokitzea eta Energiaren Eguna antolatzea. Horrela, egungo egoera aztertu eta ateratako emaitzak kontuan izanda jarduerak planifikatu beharko ditu udalak energia-eraginkortasunaren eta energia-iturri berriztagarrien alorrean.  

Argiteria aldatu

Emisioen inbentarioa dagoeneko egin dute, eta horren harira, lehen urrats bezala, Kale-barria eta Kale-zaharreko argiteriako elementuak aldatuko dituzte, kontsumoa murrizteko helburuarekin.  

Konpromiso handia eskatzen duen ituna dela esan du aurkezpenean egon den Xabier Garmendia Industria eta Energia Sailburuodeak. 

Alkateen Ituna Europar Batasunak energia aurrezteko eta klima aldaketari aurre egiteko duen konpromisoan aurrerapauso nabarmenak lortzeko trena dela gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak