500dik gora lagun elkartu ziren Donostian: lehengo eta egungo ikasle, irakasle eta arduradunak, fakultatearekin harremana izan duten eta duten pertsonak eta enpresetako ordezkariak, eta baita erakundeetakoak ere: Lourdes Idoiaga Oñatiko alkatea eta Isabel Celaa Hezkuntza sailburua besteak beste.
Arizmendiarrieta gogoan
Hainbat osagai izan zituen atzoko ekitaldiak, eta saio osoan gogoan izan zuten on Jose Maria Arizmendiarrieta.
MUko errektore Josu Zabalak, adibidez, Arizmendiarrietari buruz esan zuen gehienentzako egin ezinak ziren egitasmoak ikusten zituela, geldigogorra eta konformagaitza zela, eta ororen gainetik ekintza ardatz zuen gizona.
Egungo Enpresagintzako dekano den Lander Belokik, berriz, eskerrak eman zizkien fakultatea indartzen lan egin duten guztiei, eta 50 urteotako zenbait mugarri aipatu zituen: 1973an unibertsitate ikasketekin hasi zirenekoa, 1997an MU sortu zenekoa, Irungo Campusaren sorrera 2003an eta Oñatiko egoitza berriaren inaugurazioa 50. urteurrenarekin bat eginez.
Atzoko ekitaldian hainbat ikus-entzunezko ere izan ziren, eta Jose Antonio Azpiazuk enpresa zientzien fakultatearen gainean idatzi duen liburu banatu zuten.