Oñatiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Rosarito Galdosek egin die harrera udaletxean. Esperientziak elkartrukatzeak eta errealitate desberdinak ezagutzeak aberasten gaituela nabarmendu du Galdosek.
Debagoienera etorritako zortzi indigenak euskararen normaltasuna bultzatzeko egin diren pausoak ezagutzea dute helburu. Garabideko Iñigo Iñurrategik azaldu duenez, beraien herrialdeetako hizkuntzek euskarak orain dela 50 urte bizi zuen egoera bizi dute.
Amerikako hizkuntza asko galtzeko zorian daudela esan du Iñurrategik. Garabideren helburua da euskararen normalizazio prozesua azaltzea indigenek beraien herrialdeetan zenbait gauza ezartzeko.
Truke programako ekintza gehienak Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultatean egingo dituzte, baina gure egoera ezagutzeko Euskal Herriko zazpi probintziak bisitatuko dituzte, tokian tokiko errealitateak ezagutzeko.