Aloña nagusi MUren aurkako saskibaloi derbian

Etxean galdu barik jarraitzen du Sustrai Aloña taldeak zapatuan jokatutako MUren kontrako derbian nagusitu ostean (110-103). Arrasatearrek gogotsu egin zioten aurre eta denbora luzean atzetik ibili ziren etxekoak. Azkenean luzapena behar izan zuten partiduari buelta emateko.

Partidu bizia, borrokatua eta intentsitate handikoa jokatu zuten Sustarai Aloñak eta MUk zapatuan, Zubikoa kiroldegian. Derbi historikoa zen, lehenengoz aurrez aurre zirelako Debagoieneko bi taldeak eta Oñatiko hainbat jokalarik talde ohiari egingo ziotelako aurre, eta harmailak goraino bete ziren giroa berotzeko. Azken hiru denboraldietan etxean partidu bakarra galdu duten oñatiarrei gogotsu egin zieten aurre arrasatearrek eta lehen laurdenean guztiz parekatuta ibili ziren (25-23). Josu Larreategiren mutilak irabazteko gogoz daude eta defentsa lanetan gogor egin eta saskiratzeetan asmatuta aurrea hartu zieten etxekoei. Hala bada, bigarren laurdenaren bukaeran 15 puntu goitik zeuden (39-54).

Hirugarren laurdenean buelta emateko gogoz kantxaratu ziren Aloñakoak eta Gamarrak hirukoekin asmatu zuen, markagailuan hurbiltzea lortuz (55-61). Baina hutsegiteak izan zituzten eta bukaeran oraindik atzetik zihoazen (65-77).

Berdinketa eta luzapena

Laugarren laurdenean urduritasuna nagusitu zen bai kantxan, bai harmailetan. Gamarra, Mallabi eta Biainek txakur zaharrak direla erakutsi zuten eta arrasatearren esperientzia ezaren aurrean –baloiak galdu, faltak egin, jaurtiketak huts egin…– kantxan nagusitzen joan ziren. Baita markagailuan hurbiltzea lortu ere, eta bukatzeko 28 segundu geratzen zirenean berdindu zuten partidua (94-94). Azken uneetan arrasatearrak hainbat aldiz izan ziren kexu epaileek hartutako erabakiekin.

Luzapeneko lehen saskiratzea arrasatearrek egin zuten, baina oñatiarrak irabaziko zutela sinistuta kantxaratu ziren eta 45 segundurako aurretik ziren (97-96). Iñigo Biainek egindako erasoak tarteko, ez zen atzera bueltarik egon eta azkenean etxekoak nagusi beste behin (110-103).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.