Mendi hamabostaldiaren barruan Horia Colibasanu errumaniarra izango da Oñatin abenduaren 15ean

Aloña Mendiko mendi sailak indartsu hasiko du azaroa. Mendi hamabostaldia antolatu dute, protagonista garrantzitsuekin eta emanaldi hunkigarriekin. Protagonistetako bat, Horia Colibasanu errumaniarra izango da. Colibasanu abenduaren 15ean etorriko da. Mendi munduan izen handia duen alpinista da; gure artean baina, ezagun egin zen Iñaki Otxoa de Oltza zenaren ondoan egon zelako hura hil zenean (Annapurna, 2008).

Azaroaren 17tik 26ra eta abenduaren 15ean izango da mendi hamabostaldia. Aurten mendi astea egin beharrean mendi hamabostaldia egingo dute: "Uste dugu aste batean dena pilatu beharrean hobe dela bi astetan banatzea; gainera, errelebotan lan egiten dutenendako hobe da", azaldu dute antolatzaileek. 

Alex Txikon eta Josune Bereziartu

Alex Txikonek hasiko du emanaldi zikloa, azaroaren 17an; Txikonek Shisha Pangmara egindako espedizio berezia aurkeztuko du. Lemoatik autoan abiatu zen Katmandu-ra, eta handik Shisha Pangmara. Josune Bereziartuk Uda alpinoa eskainiko du: 2006an egindakoak azalduko ditu lazkaotarrak, azaroaren 23an. Harrian 8B+ bistara egin zuen lehenengo emakumea izan zen.

Oñatiarren irteerak

Oñatiarrek ere izango dute tartea mendi hamabostaldian. Ivan Urtzelaik eta Kanu-k euren espedizioak azalduko dituzte argazki bidez, azaroaren 24an; Marokon eta Kanadan egindakoak, hurrenez hurren. Gainera, "zine-klubeko lagunei esker", The Sharp end filma eskainiko dute azaroaren 18an.

Otxoa de Oltzaren SOS Himalaya proiektua aurkeztuko dute

Otxoa de Oltza nafarra 2008an hil zen; bada, urte hartako mendi astean izan zen Oñatin Otxoa de Olza. Aurten, haren lagun Jorge Nagorek La voz de Iñaki eta SOS Himalaya proiektuak aurkeztuko ditu azaroaren 26an.

Horia Colibasanu abenduaren 15ean

Colibasanu abenduaren 15ean etorriko da. Mendi munduan izen handia duen alpinista da; gure artean baina, ezagun egin zen Iñaki Otxoa de Oltza zenaren ondoan egon zelako hura hil zenean (Annapurna, 2008).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.