Zubillagako zubiaren taula ipiniko dute laster

Leire Kortabarria 2010eko maiatzaren 12a

Zubillagatik pasatzen den gunean ibaiaren urak bideratzeko eta uholdeak saihesteko egiten diharduten obrak azkenean bideratuta daude, eta Udalak uste du obraren zati ikusgarriena izango den zubia –zubi modernoa, ederra– abuztuan egin ahal izango dutela lanak egiten diharduten Moiua eraikuntza enpresako langileek. Datozen egunotan, zubiaren behin betiko taula ipiniko dute.

Datorren astean aurreikusita daukate arduradunek obren zati garrantzitsu bat egitea: zubi horren taula eraikitzea. Berezitasuna da ez dela eginda etorriko eta gero ipiniko, baizik eta lekuan bertan hormigoitu behar dela. Obren zuzendari Fernando Orotzek ematen digu azalpen gehiago: "Hurrengo pausoak izango dira altzairuzko arkuak jartzea, zubiaren euskarria; segidan, tiranteak. Hori egin eta gero, oinezkoendako harlosaren estruktura egingo dugu". Dena bukatzen dutenean, Altuna ondoko eta trenbide zaharreko zubiak bota egingo dituzte.

Lanok beste zati garrantzitsu bat zuten: Altuna ondoan dagoen presaren kota jaistea, 2,6 metrora, eta hori eginda dago.

Uholdeak saihesteko

Zubia bukatutakoan, Zubillagako ibai aldea, Altuna ingurukoa, ikusgarri geratuko da.
Ikusgarri, eta, are garrantzitsuago: seguru. Izan ere, lanokin Oñatiko Udalak bete gura duen helburu nagusia da auzoari uholdeen aurrean babesa eman, eta horiek saihestu. Datu estatistikoen arabera, Zubillagak uholde arrisku oso handia dauka: 100 urtean behin ur-kolpe handia jasango luke, eta orain arteko egiturak ez ziren egokiak arriskua ekiditeko; urei eutsi baino gehiago, uholdeak lagundu egiten zituzten egitura zaharrek. Hala, 1983an eta 1992an, Zubillagak uholde larriak izan zituen.

Oñatiko Hirigintza zinegotzi Anjel Biainek dioen moduan, zubi azpitik pasatzerakoan, "ur-xafla oso altu geratzen zen, eta samur egiten zuen gainezka. Zubiak oso begi txikia dauka".

Auzotarrak hasi dira lanon eragina igartzen; hala, joan den negu latzean izandako elurte eta euriteek eragin zituzten ur handiek ez zuten arazorik sortu.

Espaloia, zabalagoa

Lanok gorabeheratsuak izan dira. Hala, 2006ko maiatzekoa da proiektua, eta lanak urte hartan egin gura ziren. Hainbat atzerapen izan dira, hortaz; tartean, sei hilean etenda egon ziren, Eusko Jaurlaritzako aldaketa tarteko, lanon %75 Ingurumen Sailak ordaintzen dituelako. Azkenean, Moiua eraikuntza enpresa eta Eusko Jaurlaritza ados jarri ziren eta lanei berriz ekin zieten.

Teknikoki ere lan "konplikatuak" dira, Fernando Orotzek dioen moduan: "Zubia oso modernoa da, eta oso berezia ere bai: hormigoia lekuan bertan ipini behar da, eta horrez gain, altzairuzko arkuak ohi baino lodiagoak dira. Era berean, altzairua injekzioz sartzen da barruan". 

Epeetan bakarrik ez, zubiaren ezaugarrietan ere aldaketak egon dira: bidegorria ere pasako denez, espaloia 3,60 metrokoa izango da alde bakoitzean, eta ez 2,26 metrokoa, aurreikusi bezala.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak