Zubikoa kiroldegiko tabernan konponketak egin dituzte

Miren Arregi Amasorrain 2008ko abuztuaren 26a

Lurra konpondu eta oihartzuna kendu dute Oñatiko Zubikoa kiroldegiko tabernan. Abuztua aprobetxatu dute lanak egiteko eta gaur zabaldu dute taberna, konponketen ostean. Orain, kantxa berriko oihartzuna nola murrizko aztertzen dihardute.

Bada urte bete Oñatiko Zubikoa kiroldegiko taberna berria ireki zutela eta tarte honetan ikusi dituzten akatsak konpondu dituzte abuztuan, jendea oporretan dagoela aprobetxatuz.

Lehengo hondatutako lurra konpontzeko haren gainean beste bat ipini dute. Horrek lurraren maila igoarazi egin du eta tabernako zati batetan lurretik sabairainoko kristal batzuk kendu behar izan dituzte. Oihartzunaren arazoari aurre egiteko berriz, sabaian plaka intsonorizanteak ipini dituzte.

Baina tabernan ez ezik, duela urte bete inguru inauguratu zuten kantxa berrian ere oihartzun ikaragarria dago, eta hori nola konpondu aztertzen dihardute orain. Tabernan ipini dituzten plaka intsonorizanteak ez diote konponbidea ematen kantxako arazoari, izan ere, sabaia oso berezia eta delikatua da eta ezin da modu horretan arazoa konpondu, Oscar Carrascal, Oñatiko Kirol teknikariaren hitzetan.

Oihartzuna legeak ezarritako mugen barruan dago baina maila altuenean, eta Kirol Teknikariaren hitzetan oso zaila da hezkuntza fisikoko irakasleentzat zein gainontzeko erabiltzaileentzat bertan lana egitea. 

Datozen asteetan, kiroldegiak beharrezko dituen hobekuntzak aztertu eta horren araberako konponbideak aurkitzen saiatuko dira, helburua, ahalik eta zerbitzu hoberena eskaintzea baita.
 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak