Zubikoa kiroldegi berriko taberna zerbitzua errentan emateko lehiaketa deialdia egin du Udalak

Monika Belastegi Aranzabal 2007ko otsailaren 12a

Kiroldegiko handitze lanak bukatu barik dauden arren, kiroldegi berriak izango duen tabernaren ustiaketa zerbitzua lehiaketara atera du Udalak. Urtarrileko Osoko Bilkuran onartu ziren alokairu lehiaketa arautuko duten baldintzak.

Hala, eskaria egiten duen  enpresak antzerako lanetan duen eskarmentua, langileen euskara maila, ostalaritza arloko tituluak, zerbitzuaren antolaketa proposamena eta proposamen ekonomikoa dira gehien baloratuko direnak. 

Kiroldegiko taberna berriaren errenta, gutxienez, 369 euro gehi BEZ izango da hilero. Halaber, taberna zerbitzua euskaraz emango dela ziurtatzeko, EGA agiria aurkezten ez duten eskatzaileei ahoz eta idatziz duten euskara maila neurtzeko, azterketa egingo die Udalak.

Ordutegia

Kiroldegiko taberna berriak sarrera bereizia izango du. Bada, kiroldegia zabalik dagoen ordutegi eta egutegian ireki beharko ditu ateak; hau da, neguan, lanegunetan, goizeko 07:30erako, eta zapatu, domeka eta jaiegunetan, goizeko 09:00etarako. Itxiera ordua, kiroldegiko ordutegia jarraituz, gaueko 09:30 izango da.
Arrendamendu lehiaketa arautzen duen baldintza zerrendan, urteko oporraldia hartzeko eskubidea onartzen da. Hala ere, urte osoan zehar taberna zabalik edukitzeko eskaintza egitea bereziki baloratuko da. Abuztuan, gainera, ohiko taberna zerbitzua eskaintzeaz gain, tabernaren ardura hartzen duenak, abuztuan, pintxo eta plater konbinatuen zerbitzua ematen jarraitu beharko du.

Eskaerak

Otsailaren  9ko Gipuzkoako Aldizkarian deialdia kaleratu ondoren, eskaerak udaletxeko bulegoetan aurkeztu behar dira martxoaren 7a baino lehen. Hasieran, Udalak eta maizter berriak bi urterako kontratua sinatuko dute , eta urtero berritu ahal izango da, beste bi urtetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak