San Lorentzo auzoko Larraña Institutuko frontoia eraberritu egingo dute datorren urtean. Urtarrilaren 10ean hasiko dira lanak eta hiru hilabeteren bueltan amaituta egotea aurreikusten dute Larraña institutuko arduradunek. Beraz, frontoiko erabiltzaileek tarte horretan ezin izango dituzte instalazioak erabili, eta lanen ostean, berriz ere eskaera orria bete beharko dute instalazio berrituak erabili ahal izateko.
Instalazioen berritzea ezinbestekotzat jo du Larrañako zuzendari Kepa Altubek, izan ere, kirol ekintzak edota gorputz ariketak gauzatu ahal izateko instalazioak egoera onean egotea garrantzitsua dela dio. Frontoia eraberritu ostean, kanpoko instalazioak txukuntzea eta berritzea faltako da, hau da, bertako futbol zelaia eta abar eraberritzea. Hori eginda, amaitutzat emango lukete Zuazola-Larraña institutuko kirol instalazioen eraberritzea.
Aspaldiko proiektua
Aspaldikoa da Larrañako institutuko frontoia eraberritzeko asmoa. Urtarrilean hasiko dituzten lanekin, frontoiaren teilatua, lurra eta paretak eraberrituko dira. Izan ere, egun, goiko estaldura uralitazkoa da eta ugariak dira sabaiak dituen zuloak. Horrek arriskua eragiten du bertan ekintzak gauzatzerako garaian. Era berean aldagela berriak ere egingo dira eta frontoirako sarrera ezintasun fisikoak dituzten pertsonentzat egokituko dute.
Hezkuntza sailak 200.000 euro
Hezkuntza sailaren ardura izango da eraberritze lanak egitea, eta horretarako 200.000 eurotik gorako diru partida ipiniko du. Lanak apirilerako amaituko dituzte.