Zinema zerbitzua jarri dute Baketik zentroan, Arantzazun

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko apirilaren 10a

Arantzazun dagoen Baketik zentroak zinema zerbitzua jarri du martxan. Helburua, ikus-entzunezkoen bitartez zentzu kritikoa landu eta, balore eta etikan heztea da. Guztira 100 DVD ipini dituzte herritarren eskura; pelikula klasikoetatik hasi eta gaur egungo pelikuletaraino. Arantzazun izan gara bideoteka zerbitzua ezagutzen.

Guztira 100 pelikula eskaintzen ditu Arantzazuko zinema zerbitzuak. Pelikulak aukeratzeko irizpideak bi izan direla esan du Aitor Sorreluz bideotekako koordinatzaileak; batetik, pelikulan lantzen den gaia izan dute kontuan. Besteak beste, gaiak dira giza harremanak, bizikidetza, bakea, giza eskubideak edo etika. Bestetik, pelikulak eskuragarriak izatea ere kontuan izan dute. Hau da, gure etxe ondoko bideoklubean egongo diren pelikulak izatea.

Bideoteka eskaintza

Zinema zerbitzuak hiru eskaintza ditu: batetik, Arantzazuko bideoteka irekia dago, www.baketik.org webgunean eskuragarri dagoena. Bertan, pelikulen zerrenda eta pelikula bakoitzaren gida didaktikoak daude eskuragarri. Erabiltzaileak internet bidez ikusi ahal izango du pelikulen zerrenda. Pelikula bat gura duen pertsonak edo elkarteak, bere bideoklubean alokatu ahal izango du edo Baketik-en eskatu. Mailegua doakoa da, bidalketa gastuak ordaindu beharko dituzu soilik eskatzaileak. Gida didaktikoak webgunetik jaitsi ahal izango dira zuzenean. Bideoteka birtual honek atal berezi bat izango du iruzkinak eta iritziak jasotzeko.

Bideoklub eskaintza

Bigarren eskaintza bideokluba da. Zerbitzu honetan izena ematen duten pertsonek, hilero, irailetik ekainera, 30 euroren truke 10 pelikula jasoko dituzte etxean, gida didaktiko eta guzti. Horrela, bazkide bakoitzak bere bilduma osatu ahal izango du. Zerbitzu hau bereziki egokia da ikastetxeentzat, familientzat eta era guztietako elkarteentzat.

Ikastaroa, maiatzaren 30ean eta 31n

Hirugarren eskaintza, maiatzaren 30ean eta 31n egingo den 10 orduko ikastaroa da. Zinemaren eta hezkuntzaren inguruan, balore eta etikan hesitzea izango da helburua. Irakasleei eta aisialdiko, parrokietako edo elkarteetako arduradunei zuzenduta dago. Manuel Dios Diz Galiziako heziketa eta bakearen aldeko mintegiko presidentea izango da ikastaroko arduraduna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak