Zapatuan zabalduko dute Gorpuztiko prozesioari buruzko erakusketa

Mireia Bikuña 2008ko mai. 29a, 16:39

Erakusketa urriaren 26ra arte egongo da zabalik, baina bisitak bi modutara antolatu dituzte: alde batetik, ekainean, irailean eta urrian oñatiarrendako egongo da zabalik, zapatuetan 11:00etatik 14:00etara, eta 17:30etik 20:30era; domeka eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara, eta 18:00etatik 20:00etara; eta jai bezperatan, 17:30etik 20:30era. Eta beste alde batetik, uztailean eta abuztuan, Turismo Bulegoak kudeatuko ditu bisita gidatuak.

Gorpuzti eguneko prozesioan parte hartzen duten pausuak, palioa eta San Migel, apostoluen eta dantzarien jantziak gertutik ikusteko aukera egongo da bihartik. Atzo, parrokiako klaustroan egindako prentsaurrekoan, erakusketa prestatzen lagundu duten guztiak egon ziren: hain zuzen,Kofradiako kide Jesus Irizar eta Jon Amundarain, Jerardo Elortza, Lurdes Idoiaga alkatea, Sabino Zuazabeitia parrokoa eta Ernesto Murgiondo zinegotzia.

30.000ko aurrekontua

Klaustroan dagoen erakusketak 30.000 euroko aurrekontua izan  du, Udalak, Ulmak eta Kutxak emandako diruari esker. Dena den, Lurdes Idoiaga alkateak, erakusketa muntatzeko hainbat herritarrek egindako lana azpimarratu zuen. "Erakusketa hau taldean egindako lanaren eredu da, eta hori, goraipatzekoa da".
Bestalde, Kofradiako kide Jesus Irizarrek erakusketaren helburu nagusia zein den azaldu zuen: "Korpus eguneko prozesioan San Migel eta dantzariez gain, beste hainbat gauza eta pertsonaia daudela erakutsi nahi dugu. Gainera, santuak gertuagotik ikusteko aukera izango dute bisitariek". Biharko inaugurazioarekin, duela urte bete hasitako lana bukatutzat eman du Kofradiak. "Oso pozik gaude; ea ba, guztion gustukoa den", esan zuen Jesus Irizarrek.

15 pausu

Parrokiako klaustroan dagoen erakusketak, prozesioko ordena gordeko du. Hildakoen atetik sartuta, klaustrora sartzeko dagoen lehenengo atetik egongo da sarrera. Hasieran, prozesioko 15 pausuak jarri dituzte gorri koloreko alfonbraren gainean. Hain zuzen, Arantzazuko Ama, San Kristobal, Mikel Aozaratza, Andre Maria Sortzez Garbia, San Isidro, San Martin, San Roke, San Krispin eta San Krispiniano, San Juan, San Jose, San Sebastian, San Migel, Errosarioko Ama, Pragako Jesus haurra eta San Frantzisko. Pausu bakoitzari dagozkion azalpenak idatzi ditu Jerardo Elortzak. "Zein santu den, zenbat urte dituen eta urtean zehar non gordetzen den kontatzen dut, eta azalpenak lau hizkuntzatan daude: euskaraz, gazteleraz, katalanez eta frantsesez".
Erakusketaren bigarren zatian palioa jarri dute, eta prozesioko hainbat detaile. "Bi maniki jarriko ditugu, bat dantzarien arropekin, eta bestea,San Pedro apostoluaren jantziekin. Gainera, San Migelek erabiltzen dituen mozorroa, kaskoa eta armadura ikusgai egongo dira", esan zuen Irizarrek.
Kofradiako kide Jesus Irizarrek azpimarratu zuen, azken hamar urteotan 50.000 euro gastatu dituztela prozesioko pausu guztiak berritzen.

Hurbil enpresa

Aretxabaletako Hurbil enpresako Enrike Foronda  izan da erakusketa muntatu duena. Bestalde, erakusketa erdian , Inazio Irizarrek, 200 bat argazkiekin egindako ikus-entzunezkoa egongo da ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak