Zaleek hegan egitea lortu zuten

Maider Arregi 2009ko martxoaren 14a

Barikuan, martxoaren 13an, Aitor Uriarte oñatiarraren UNE taldeak eta Inlogic madrildarrak kontzertu borobila eskaini zuten Gaztelekuan. Rock eta metal doinuek, zaleak dantzan jarri zituzten. Izan ere, oñatiarrak zain zeuden UNEk diskoa etxean noiz aurkeztuko.

Inlogic taldeak rock doinu gogorrokin hasiera eman zion gauari. Berehala berotu zuten giroa eta taldearen gaineko erreferentzia gutxi izan arren bertaratutako ikusleak poltsikoan sartu zituzten lau madrildarrek. Aipatzekoa abeslariaren ahots indartsua. Tarteka oso goxoa baina tharsh oihu bortitzak egiteko gai dela ere erakutsi zuen. Eszenaratze bikaina eta emanaldia ikusgarria, salto eta guzti. Ingelesez abesten du laukoteak eta nazioarteko proiekzioa lortu dezaketela erakutsi zuten Outside the show azken lanarekin (2008).
Nabarmentzekoa baxu jotzailearen abilezia. Txundituta utzi zuen bat baino gehiago Muse talde handiaren bertsio batekin.  Argi geratu zen bigarren ahotsa baino gehiago dela. Baina, sorpresa eta opari gehiago izan ziren entzuleen belarriendako. Johnny Cash-en jarraitzaileak direla argi geratu zen eta bertsio originala eskaini zuten, Cashi omenaldia eginez. Country doinuek dantzan jarri zuen aretoa mendebaldeko filmetako oihu eta guzti. Une batez, San Peckinpah-en filmean barneratu gintuzten. Taldea oso ezaguna ez den arren, jendea abesten jartzea ere lortu zuten madrildarrek.
The Buggles talde britainiarraren Video Killed the Radio Star abesti ezagunarekin ikusle guztiak dantzan jarri zituen. Inolgic taldekoak gustura geratu ziren emanaldiarekin eta UNE taldeko Aitor Uriartek azaldu zigun bezala zeresana emango duen talde indartsua zela erakutsi utzi zuten zuzenekoan.

Metal doinuak nagusi

Zaleak urduri eta zain Oñatiko Aitor Uriarte musikariaren taldea entzuteko. Hegalik Gabe Hegan diskoko abestiak entzuteko prest. Erritmo aldaketak dira UNEren emanaldietan nagusi. Eta garbi geratu zen abesti berean melodia eta rock-metal gogorra bikain uztartzen dituela taldeak. Erritmo ezberdinak nahastuta oreka lortzen dute. "Ez zaigu estilo batean sailkatzea gustatzen, barrutik irteten dena egiten dugu. Abesti batzuk gorragoak eta suabeagoak, dira; azkarragoak edota lasaiagoak besteak. Denetik egiten dugu eta horrek ekartzen du gu gustura egotea eta kontzertuari intentsitatea ematea", azaldu zigun Uriartek kontzertu amaieran. Bi diskoetako abestiak izan ziren entzungai zaleen gozamenerako.  "Kontzertua asko aberasten du bi diskoetako abestiak. Ikusten dugu orain arte oso harrera ona izan duela bigarren diskoak. Hala ere, balorazioa egiteko testuingurua hartu behar da kontuan. Izan ere, kontzertu eta zuzenekoetan eragiten du. Egungo egoera kontuan hartuta, ordea, gure balorazioa oso positiboa da". Hegalik Gabe Hegan diskoan abestiak bortitzagoak dira. Hala, lehen diskoko abestiekin dinamismoa eta zuzeneko aberasgarria lortu zuen UNEk.
Loti ederra singelarekin zaleak aztoratu zituen UNEk. Tarte melodikoak eta Uriarteren ahots goxoak kontraste paregabea egiten du metal doinu gogorrekin. Aipatu beharra dago, kaleratu berri duten bideoklipa ikusgarria dela eta teknikoki maila altua daukala. Kike Foronda arrasatearrak  lagundu die Loti ederra singelaren bideoklipa egiten.

Eskuarteko proiektuak

Hirugarren disko bat ez dutela baztertzen diote, baina une honetan bigarren diskoko biran daudela zentratuta eta helburua, kontzertuekin gozatzea dela aurreratu digu. Inlogic taldearekin Madrilen izango direla ere esan digu. "Jendeak ez zeukan erreferentziarik baina berehala poltsikoratu dituzte gerturatutakoak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak