Gaur egun luxua da bost euroren truke kontzertu bat ikustea; are gehiago, bizkarrean hainbat disko daraman atzerriko taldea bada. Oñatiko gaztelekuari eta Gaztemaniak-ei zor diegu hori. Hala, AEBetako Supagroup taldeak eskainitakoa oso dotorea eta entretenigarria izan zen. Oñatiko jende gutxi batu zen, seguruenik herrian hardrock-arenganako tradizio txikia dagoelako eta gehienak Corpus jaietan murgilduta zeudelako. Hala ere, giro oso beroa zegoen, Arrasateko batez ere eta Euskal Herriko beste hainbat txokotako zaleak gogo betez gelditu zirelako.
Supagroupen enborra Chris eta Benji Lee anaiak dira. Ustez (beraiek hala esan izan dute) Bruce Lee karateka handiaren senitartekoak, Alaskan jaio ziren, baina gerora Nueva Orleansera joan ziren rock-and-rolla bere horretan bizitzera. Orain arteko bidea ez da edonolakoa izan eta garbi erakutsi ziguten zuzeneko piztiak direla: agertoki gainean disfrutatzeaz gain disfrutatu arazi ere egiten dute. Hasieratik jendea poltsikoan sartu zuten, eta tarteka zur eta lur geratu ginen! AC-DCrekin egin izan dizkieten konparaketak egiazkoak dira: riff eta erritmo asko eta tarteka ahots tonua australiarren oso antzekoak dira, baina zenbait abestitan, melodikoenetan, Aerosmith gogora ekarri zizkiguten, eta beste batzuetan hastapenetako Guns N´Roses, besteak beste.
Bitxia izan zen sarritan "Eskerrik asko, Oñati" esan izana, jendearekin komunikatzeko ahalegin eta lorpenak egitea, eta abestien "txuleta" barik, Lee anaiek agindua eman eta taldeak kantuak irmotasun osoz jotzen zutela, zeharo engrasatuta dagoen talde bat dela erakutsita. Oinarri erritmikoa primeran, eta protagonismoa, neurtua, bi anaiek eraman zuten: Chris frontman eta gitarra erritmiko moduan, komunikatzaile ona, abeslari txukuna eta ikusleen oso gertukoa; eta Benji gitar-hero birtuoso eta ikusgarria, punteoen maisua.
Azkeneko disko Fire hor hire oso presente izan zuten, baita Supagroup izena duena ere, eta bisak jotzeko eskatu ostean, bost bat pieza eskaini zizkiguten gitarra soloekin, hondeatzaile-erritmoekin, koreografiekin eta baita ikusleen parte-hartzearekin jokatuz; tartean, What´s your problem? hit-a ere eskaini zuten. Ikusleak asetuta eta irribarretsu utzi zituzten, baina beste bi protagonista nabarmendu behar ditugu: lehenengo ilaran guztia eman zuen burusoil beteranoa, eta soinu-monitore baten gainean kontzertu osoan lo-kuluxkak egiten pasa zuen neska. Biendako izan zituzten hitzak eta txantxak Soupagroupekoek.