Zabor bilketa tasa %20,1 igoko dute uztailetik aurrera

Mireia Bikuña 2009ko mai. 15a, 14:20

Igoera hau uztaileko fakturan sartuko da indarrean eta ibarreko herri guztietan aplikatuko dute (udalbatza bakoitzak hartutako erabakia izan da). Igoera eurotan jarrita, hiru hilero etxean jasoko dugun faktura berria 23,86 euro ingurukoa izango da –orain arte 19,92 euro ordaintzen genuen –.

Zabor bilketa tasa garestitzea onartu zuen udalbatzak apirileko osoko bilkuran, EAJ eta Oñati Ezkerretik koalizioaren aldeko botoekin. Hain zuzen ere, Debagoieneko Mankomunitateak egindako igoera proposamena onartu zuten udal ordezkariek.

Igoeraren arrazoiak

Igoera aplikatzearen arrazoia bakarra da: gure eskualdean batutako hondakinen transferentzia eta zabortegirainoko garraioa Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak egingo duela uztailetik aurrera. Kostu horri aurre egiteko zabor tasak igotzearen beharra aurreikusi zuen Mankomunitateko Ingurumen departamentuak, eta udalbatza guztiei igoera onartzeko proposamena egin zieten.

Lurrazpiko aparkalekuak

Bestalde, apirileko osokoan kiroldegiko eta kalegoienako lurrazpiko aparkalekuetarako bi tarifa berri onartzea erabaki zuten.
Alde batetik, eta hainbat herritarrek egindako eskaerei erantzunez, 09:00etatik 21:00etara arte autoa aparkatu gura dutenendako 52 euroko tarifa berria onartu zuten –21:00etatik 09:00etara aparkatzen dutenen prezio berdina ordainduko dute –. Beste alde batetik, lurrazpiko aparkalekua gau eta egun erabili gura dutenendako 90 euroko bonoa onartu zuten.
2008ko azaroan hasi ziren kalegoienako eta kiroldegiko lurrazpiko aparkalekuak erabiltzeagatik kobratzen.
Lehenengo ordu erdia doan  da; hortaz, autoa bi orduz parkingean usten dutenek, ordu eta erdi ordainduko dute irteeran; hain zuzen, minutuko 0,0133 euro. Bosgarren ordutik aurrera, minutua garestiagoa da: 0,0167 euro.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak