Dagoeneko estali dute, ez da aurkikuntzaren seinalerik ageri Oñatiko sakristian, baina azpian Monasterio izenarekin ezagutzen zen eraikinaren arrastoak daudela gauza ziurra da orain. Horma zatiak eta galtzada zaharra agertu ziren berritze lanetan zorua altxatutakoan. Foru Aldundiko arkeologoak bertan izan dira hainbat indusketa egiten. "Hainbat zerbitzu ematen zituen eraikina zela jakin dugu", adierazi du Joxan Larrañaga parrokoak. "Auzoetan lanean ibiltzen ziren apaizak Kondeak mantentzen zituen eta haien jantokia zen. Garai bateko diligentzia ere bertan gelditzen omen zen".
Lanak sakristian
Sakristia zaharra eguneroko meza emateko egokitu gura dute Oñatin. Egokitzapen lan batzuk eskatzen ditu horrek; argiztapena, hormak eta zorua berritzen dihardute. XVI. mendeko eraikina, momentuz, lur azpian gelditu da. "Adituek esan dute arkeologikoki balore txikiko aurkikuntza dela, eta lanekin jarraitzeko baimena eman digute". Lanak erritmo onean omen doaz. Parrokoak espero du hil erdialderako amaituta egotea.