Lehenengo zatian oso parekatuta ibili ziren bi taldeak, eta oñatiarrak urduri, golik ez zelako iristen: "Antzera ibili gara, baina geu eskasago; ezin asmatu zelaian", adierazi zuen Josu Zubia entrenatzaileak.
Golak bigarren zatian iritsi ziren Roberren eskutik. Lehen golak lasaitasuna eman zien oñatiarrei: "Baloia lasaiago jokatu dugu golaren ostean eta gora egin dugu orduan. Horixe zen behar genuena konfiantza berreskuratzeko". Hala zebiltzala bigarren gola ailegatu zen eta behin konfiantza hartuta gehiago ere izan zitezkeen partidua bukatu bitartean.
Etxean irabaztea helburu
Datorren astean Trintxerpe hartuko du etxean Aloñak, eta partidu ona egin gura du zaleen aurrean: "Golik jaso barik bukatu beharra geneukan, denok lasaitzeko eta halaxe izan da oraingoan. Hortaz, etxean jasotako gol zaparrada guztiz ahaztuta, gogotsu gaude hurrengo partidurako eta konfiantza handiarekin", dio Zubiak. Lau puntu dituzte oñatiarrek –Bergararekin berdinduta– eta orain etxean irabazten hastea dute helburu.