Ulma Manutencionek 25 urte bete ditu eta ekitaldiak egingo dituzte irailetik aurrera

Mireia Bikuña 2009ko eka. 3a, 18:42
Ulma Manutencionek 25 urte bete ditu egubakoitzean, eta urteurrena ospatzeko askotariko ekitaldiak egingo dituzte irailetik aurrera; besteak beste, hitzaldiak eta Gabonetan ekitaldi berezia egingo dituzte. Maiatzaren 8an batzar orokorra egin zutenean bazkaria egin zuten egungo langileek eta erretiratuta daudenek. Omenaldia egin zieten 25 urteotan enpresan lan egindako erretiratuei.

Lanpostuak mantentzeko

1984. urteko ekainaren 5ean sortu zen Oinakar Kooperatiba Elkartea Euskadiko Kutxaren Enpresa Dibisioaren ekimenez. Labeko-Chocolates Loyola enpresa ixtear zegoen, eta hango langileei irtenbidea emateko asmoz orga jasotzaileak fabrikatu eta banatzeko enpresa sortu zuten. Jose Mari Loiti arrasatearra izan zen egitasmoaren bultzatzaile eta enpresako lehen gerentea, Jose Mari Ormaetxeak eta Jabier Retegik hala proposatuta. Hasierako urteetan orga jasotzaileen negozio jarduerak garai gogorrak bizi izan zituen. "Japoniako Mitsubishi eta NYK markak eta Oinakar Kooperatiba Elkartea osatzen genuen pertsonen arteko sintonia onari esker gainditu genituen zailtasunak eta garai gordinak", dio Jose Maria Loitik. Lehen ordezkaritzak Madrilen, Bilbon eta Katalunian jarri zituzten. "Mondragon Korporazioko Japongo ordezkari Kagawa jauna, Mitsubishi –orga jasotzaileen ekoizle erraldoia –, eta Daifuku –sistema automatikoen munduko lehen ekoizlea –, eragile garrantzitsuak izan ziren orduko proiektua kooperatiba elkarte indartsuan eta berritzailean bilakatzeko", esan digu Loitik.

Bi negozio

1998az geroztik Ulma Manutencion Kooperatiba Elkartea bi negoziok osatzen dute: Ulma Orga Jasotzaileak eta Ulma Handling Systems-ek.
Orga Jasotzaileak negozioan biltegi kanpoan edo-eta barruan lan egiteko orga jasotzaile berriak, eraberrituak edo bigarren eskukoak saldu eta alokatzen dituzte. Bestalde, Ulma Handling Systems-ek ingeniaritza alorreko lanetan oinarritzen du jarduera; besteak beste, banaketa eta fabrikazio sistema automatikoak garatuz.
Bi negozioek kalitatea eta bikaintasuna bermatzen dituen ziurtagiriak dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak