Ulma Construccionek lantegi berria eraikiko du Munazategi inguruan

Txomin Madina Milikua 2008ko abu. 11a, 19:21
Lantegi berria 2010erako martxan egotea gura dute, eta 100 eta 150 langile bitartean ariko dira bertan lanean. Ulma Construccionek iazko emaitzen berri ere eman du: 2007a arrakastatsua izan zen, baina 2008an, hasi dira nabaritzen krisiaren ondorioak.

Munazategi inguruan kokatuta egongo den lantegia, 2012rako  errendimendu betean lanean aritzea espero dute. 28000 metro koadro izango ditu eta bertan burutuko dira orain artean azpikontratatu egiten ziren materialen ekoizpen lanak. Gaur egun, 2800 langile inguru ditu Ulma Construccion enpresak, eta hiru ekoizpen gune: Oñatin, Polonian eta Italian.

2007ko emaitzak

Enpresako arduradunen hitzetan 2007a urte arrakastatsua izan zen Ulma Construccion kooperatibarentzat, batez ere lehen seihilekoa. Hala, iaz 446 milioi euro fakturatu zituzten, 2006an baino %18 gehiago, eta salmentak ere 65 milioi euro igo ziren. Fakturazioen jatorriari dagokionez, %53a Espainiar estatutik etorri ziren, Europako gainerako herrialdeetatik %32a, Amerikatik %11a eta Asia eta Afrikatik %4a.

Europaren kasuan, 102 milioi euro fakturatzetik, 132 milioi euro fakturatzera pasa ziren iaz, eta batez ere, Polonia, Alemania eta Italian izandako igoerak azpimarratu dituzte. Amerikaren kasuan, fakturazioaren igoera %26a izan zen. 101 milioi euroko irabaziak izan zituen Ulma Construccionek iaz, horietatik 60 milioi Polonian duen filialaren zati baten salmenten gainbalioei esker. Inbertsioak, 138 milioi eurokoak izan ziren.

Krisiaren eragina

2008ari dagokionez, lehen hilabeteetako balantzea egiten hasita, arduradunek esan dute oso gogorra izan dela eta krisi ekonomikoaren ondorioak nabarmenak direla, batez ere Ulma Construccionek hornitzen duen eraikuntza sektorearen ahultasunaren eraginez. Hala, lehen bost hilabetetan irabaziak %59 jaitsi dira, 13,6 milioi eurotara helduz eta lehen seihileko fakturazioa 212 milioi eurotakoa izan da, iaz baino %5 gutxiago. Dena den, arduradunek adierazi dute krisiaren eragina aurreikusita zegoela, eta ondorioz emaitzek, 2008rako diseinatutako plana betetzen dutela. Atzerriko merkatuetako posizionamenduari esker gainera, erlatiboki urte nahiko ona izango dela espero dute.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak