Udanan irabazita Mendiko txapela lortu du Zabaleta bergararrak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko ira. 27a, 16:35
Aitor Zabaleta nagusitu zen atzo Udanako mendatean. Garaipenarekin bergararrak matematikoki lortu du Euskadiko mendiko txapelketa. Lasterketa amaieran aitortu zigun garaipena lortzeko faboritoa izan arren, gogor egin behar izan zuela lan proba irabazteko. Izan ere, Ruben Nogueiras etxeko pilotuak zail jarri zizkion gauzak Zabaletari.

Aurreko astean bota zuen Aramaion bota beharreko euri guztia; zapatuan, Udanan, eguraldia lagun, arazo barik hasi zuten proba. 

Hiru txanda

57 pilotuk eman zuten izena proban parte hartzeko; baina, irteera puntura 53 agertu ziren. Hiru ekinaldi egin zituzten pilotuek 4,2 kilometroko igoeran; lehenengoa entrenamendu saioa izan zen eta beste biak lasterketarako puntuagarriak.  

Zabaleta nagusi

Aitor Zabaletak hasieratik erakutsi zuen zergatik den Euskadiko txapelduna: lehenengo txandan 2:09,68ko denbora behar izan zuen Udana igotzeko Lola BMW autoak. Lau segundo gehiago behar izan zituen Nogueirasen Silver Car autoak: 2:15,05 Udanan gora.
zabaleta jaun eta jabe
Bigarren txandan Nogueirasek gehiago estutu zuen Zabaleta; baina, hala ere bergararrak eroan zuen garaipena. Zabaletak 2:09,88ko denbora egin zuen eta oñatiarrak 2:14,81. Hirugarren sartu zen, Nogueirasen atzetik oso gertu Alberto Alonsoren Speed Car GT-R autoa –2:14,84–. Oñatiarra lehenengoa izan zen bere kategorian –klase 6–.

Ibarreko pilotuak

Debagoieneko pilotu asko izan ziren zapatuan Udanan; tartean, zazpi oñatiar. Nogueirasen lanaz gain, aipatzekoa da Aitor Ramirez, Juanon Zelaia eta David Ardionsen lana. Ramirez laugarrena izan zen sailkapen orokorrean –2:24,51– eta lehenengoa bere kategorian –klase 5–. Juanon zortzigarren sailkatu zen –2:29,86–; eta, David Ardions 13.a izan zen orokorrean –2.37,17– eta lehenengoa bere kategorian –klase 2–.
Aitor Arnaiz –2:43,48–, Antonio Merino –2:46,94– eta Sergio Porcel –2:51,96– pilotuek lan oso ona egin zuten etxekoen aurrean. Kontuan hartu behar da lehenengoz parte hartzen zutela lasterketa batean. Bestalde, Igor Orobengoa garagartzarra 15. sailkatu zen –2:39,96– eta, Mikel Otxoa aretxabaletarrak 3:03,81ko denbora egin zuen.

Paellak, beteta

Zazpi urteko isilaldiaren ondoren, motor hotsa itzuli zen Udanara zapatuan. Antolatzaileak oso gustura geratu ziren: "Jende asko etorri da, eta ez da arazorik egon lasterketan. Benetan, ondo joan da dena". Udanako errepide bazter guztietan zeuden ikusleak, baina batez ere jendez lepo zeudenak  lau paellak ziren. Egubakoitz gauean lekua hartzera joan zenik ere bazegoen.

Urraki

Udanako igoera Euskadiko txapelketarako azken-aurreko proba puntuagarria izan da; urriaren 25ean jokatuko da Urrakin azken proba. Zabaletak garaipena eskuan du, baina Nogueirasek gogor egin beharko du lan bigarren postuari eusteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak