Udalekuetan lehen aldiz parte hartuko duten umeen gurasoendako bilera egingo dute zapatuan

Mireia Bikuña 2009ko eka. 25a, 14:20
Lau urteko neska-mutikoen gurasoak Zuazola Institutuko aretoan bilduko dira 10:00etan. Udalekuetako koordinatzaileek uztailaren 1etik 30era egingo dituzten ekintzen berri emango diete, eta ume bakoitza ze begiralerekin egongo den esango diete.

Udaleku irekiak eguaztenean hasiko dituzte. Hilabetez, uztailaren 30era arte, egunero bilduko dira neska-mutikoak askotariko ekintzak egiteko. Guztira, herriko ikastetxe ezberdinetako 296 neska-mutiko ibiliko dira. "Iaz baino 46 ume gehiagok eman dute izena udalekuetarako, eta, egia esan, oso pozik gaude erantzunarekin. Iaz, 250 neska-mutiko ibili ziren", esan digu udalekuetako koordinatzaile Lukene Astigarragak.

Adinaren araberako taldeak

Adinari begiratuta, beste behin, 4 eta 6 urte arteko umeak dira gehiengoa. Hain justu ere, adin tarte horretako 170 ume ibiliko dira. Aldiz, 9 eta 10 urteko 28 bakarrik eman dute izena.
Udalekuetako neska-mutiko guztiak eguaztenean, 10:00etan bilduko dira Zuazola Institutuan. Hain zuen ere, 3-4, 4-5 eta 5-6 urteko umeak harmailak dituen gelan elkartuko dira; 6-7 eta 7-8 urtekoak gimnasioan; eta nagusienak, 9 eta 10 urtekoak instututuko arkupetan. Koordinatzaileek aholkatzen dute lehen egunean goiz joatea ume bakoitzak ze taldetan parte hartuko duen jakin eta begiralea ezagutzeko. Talde bakoitzean dauden umeen izenak sarreran jarriko dituzte.
Eguneko jarduna bukatu ondoren, 13:00etan jaso beharko dituzte umeak institutuaren kanpoaldean.

Askotariko ekintzak

Udalekuetako koordinatzaileek gertu dute hilabete osorako ekintzen zerrenda. Adinaren arabera ekintza ezberdinak egingo dituzte; besteak beste, eskulanak, jokoak, mitologiaren eguna, zikinen eguna eta ur jokoak. Baina lau egunetan, guztiok elkarrekin egingo dute festa. Hain justu ere, uztailaren 7an San Fermin eguna ospatuko dute; uztailaren 17an antzerkia egingo dute; uztailaren 24an, olinpiadak; eta uztailaren 30ean, azken festa.
Dena den, eguraldiaren arabera egun bakoitzerako zehaztuta dituzte ekintzak aldatu egin ditzakete.

Begiraleak

Udalekuetan ibiliko diren neska-mutikoak zaintzen 31 begirale egongo dira. Udalak egindako deialdira 86 lagun aurkeztu ziren, eta aukeraketa zorrotza egin behar izan dute. "Deialdia egin genuenean jarritako baldintzak errespetatu ditugu aukeraketa egiteko orduan. Baldintzak kontuan hartuta hautagai guztiak puntuatu dituzte eta aproposenak aukeratu ditugu", esan digu Lukene Astigarragak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak