Udalak tratu txarren aurka prestatu duen protokoloa aurkeztu du

Txomin Madina Milikua 2008ko aza. 24a, 22:04
Tratu txarren inguruko beste hainbat ekimen ere iragarri dituzte datozen hilabeteetarako. Bihar (martitzena) Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna dela aprobetxatuz, etxez etxe banatu diren posterrak lehioetan jartzeko deia egin diete herritarrei.

Kalitate prozesuaren barruan, urtebete eman dute Oñatiko Gizarte Zerbitzuek, Emakunde, Eudel eta Aldundiaren irizpideen araberako tratu txarren kontrako protokoloa lantzen. Helburua da, orain arte ere ematen ziren pausuak sistematizatzea, eta arazo honen arloan lan egiten dute guztiek era koordinatuan jokatzea.

Tratu txarren inguruko beste hainbat ekimen ere iragarri dituzte datozen hilabeteetarako. Hala, etxez etxe triptiko bat banatuko dute, tratu txarren aurrean zer egin eta telefono kontaktu erabilgarriekin. Herriko haurrekin sentsibilizazioa landuko dute; horretarako zenbait ekimen burutuko dituzte ikasleekin eta dagoeneko, herriko zenbait ikastetxerekin harremanetan jarrita, 380 haurrek behintzat parte hartuko dutela aurreikusten dute Udaletik.

Emakumeendako  ikastaroak ere antolatu dituzte; orain arte autoestimaren inguruko ikastaroa egin dute, arrakasta handiarekin gainera, eta aurrera begira, defentsa pertsonalaren inguruko beste ikastaro bat prestatzen dabiltza. Dena den, herritarren iradokizunak ere entzun nahi dituzte.

Tratu txarren kontra, puntu lila

Biharko (martitzena) egunaren inguruan, etxez etxe poster bat banatu dute: bertan puntu lila bat  agertzen da, eta herritarrei euren etxeko leihoetan poster hori jartzeko deia egin die Lourdes Idoiaga alkateak.

Idoiagak azaldu duenez, Udalak tratu txarren indarkeriaren kontra duen konpromiso tinkoa herritarren artera ere zabaldu gura izan dute ekimen honekin. Gaineratu du etxea, gehienontzat leku segurua den bitartean,  tratu txarrak jasaten dituztenentzat ez dela horrela, eta horregatik eskatu dute herritarrek posterra etxekoleihoetan jartzeko, emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarrera publikoa azaltzeko.

Ekimen hau ez da Oñatin bakarrik egingo, izan ere, Eudel, Euskadiko Udalen Elkarteak bultzatutako ekintza sinkronizatua da eta Erkidegoko 71 herrik hartuko dute parte bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak