Turistak erakartzeko
Eragileek hainbat bilera egin ondoren, datozen urteetan garatu beharreko atalak zehaztu dituzte. Alde batetik, herriko turismo eskaintza egokitu beharra ikusi dute. "Beharrak asetzeko eta helburua lortzeko estrategikoak diren segmentuei erantzuna emateko lan egingo dugu", esan zuen Ikerne Altubek. Horretarako, besteak beste, kirol-turismoa, atseden-turismoa, ondarearekin lotutako turismoa, familia-turismoa eta taldekako turismoa indartuko dituzte. Era berean, herriko turismoa inguruko lurraldeetan zabaltzeko beharra azpimarratu zuten.
Beste alde batetik, turistak erakartzeko hobetu beharrekoak aipatu zituzten: informazioa eta seinaliztapena hobetu; harrerarako azpiegituren plangintza egin – autokarabanendako aparkalekua, aterpetxeak, aisialdi guneak...–; garraio publikoa kudeatu; herriko turismoa sustatu eta merkaturatu; eta turismo iraunkorrerako eskaintza bateratua osatu, besteak beste.
Herriko baliabideak indartu
Gainera, turismoa bultzatzeko herrian dauden baliabideak indartzeko beharra aipatu zuten; adibidez, helmugako turismo eragileen formazioa, herriko bizila gunen inplikazioa eta sentsibilizazioa, eta departamentu ezberdinen arteko koordinazioa.
Turismoa indartzeko eragile guztiek elkarrekin lan egin behar dutela aipatu zuen alkateak: "Elkar lana ezinbestekoa da bost hilabeteko lanaren ondorioz paperean jasotakoa martxan ipintzeko. Eskerrik asko guztioi egin duzuen lanagatik!".
Eragileen iritziak
Imanol Biain, Natur Eskola
"Natur Eskolako eta Arrikrutzeko ordezkariok, bereziki, naturari lotutako ekarpenak egin ditugu, besteak beste, herriak dituen mendi ingurunea, basoa eta natur aberastasunak indartzeko. Natura Oñatiko Turismoaren ardatz nagusietako bat izan behar da. Guretzat halako prozesuak beharrezkoak dira turismoa herriarendako onura denean. Lantalde zabala osatu dugu, ordezkaritza zabala. Askotariko iritziak eman ditugu, batzuetan kontrajarriak, baina merezi duelako egin dugu".
Kepa Altube, Zuazola-Larraña Institutua
"Oso inportanteak dira turismoa indartzeko plan estrategikoak Oñati moduko herrietan. Guk hezkuntzako ordezkari moduan parte hartu dugu Kirol Ekintza eta Natur Gidatua delako ziklo bat dugu-eta. Hainbat ekarpen egin ditugu, guztiak ere naturarekin eta kirolarekin zerikusia dutenak. Adibidez, BTTrekin egin daitezkeen ibilaldien azterketa eskatu dugu. Dena den, zailena izango da paperean jaso duguna martxan ipintzea. Alkateak esan duen moduan, elkarlana inportantea izango da".
Miren Maiztegi, Goiko Benta ostatua
"Gu oso pozik gaude. Oso positiboa iruditzen zaizkigu halako ekimenak. Guk Arantzazun dugu ostatua eta udaberria eta uda dira sasoirik onenak. Plan estrategikoarekin lortu gura diren helburuak ondo finkatzen badira, emaitza onak lortuko ditugu. Esperantza handia dugu. Arantzazun, azkenaldian, turismo indartzeko ekimen asko egin dituzte, eta aurrerantzean proiektu berriak gauzatuko dituzte; besteak beste, Aizkorri-Aratz parke naturala eta parketxea. Guztiaren beharra izango dugu krisia gainditzeko ".
Mikel Bolinaga, Ongi hotela
"Edozein arlo indartzeko egiten diren ekimen guztiak ondo daude eta onak dira; eta, turismoa bultzatzeko egin duguna ere bai. Baina, oraindik gauza asko daude egiteko. Guk herri gunean dugu hotela, eta Arantzazun turismoa indartzeko egiten diren ekimenak herrian egitea nahiko genuke. Gehienetan Arantzazura begira antolatzen dituzte ekimenak, eta Oñatin gaudenok bigarren mailan geratzen gara. Txostenean jaso duguna egi bihurtzeko guztiok elkarrekin lan egitea beharrezkoa izango da ".