Udako kanpaina prest du turismo bulegoak

Txomin Madina Milikua 2007ko eka. 6a, 11:26
Arrikrutzeko kobak eta herriko ostalariekin lortutako akordioari esker eskainiko dituzten pack bereziak dira berrikuntza nagusiak.

Urtetik urtera Oñatik jasotzen dituen turista kopuruak gora egiten duela ikusirik, aurtengo udarako ere ekimen eta eskaintza berriak prestatu ditu Oñatiko turismo bulegoak. Hasi gainera, asteburu honetan bertan hasiko dira, Gorpuzti jaiak direla eta laugarren urtez antolatu duten bisita gidatu bereziarekin.

Unibertsitatea eta parrokia bisitatuko dituzte lehenengo eta Santa Anara joango dira gero. Han, San Migel eta apostoluak nola janzten diren ikusi ahal izango dute bisitariek eta Gorpuzti eguneko prozesioaren nondik norakoak ezagutuko dituzte. Ordubeteko bisita izango da.

Ibilbideak

Uztailean eta abuztuan sei natur ibilbide prestatu ditu turismo bulegoak, natur eskolarekin batera. Uztailaren 7an hasiko dira ibilaldi horiek, eta egun erdikoak izango dira. Antolatzaileek esan dutenez, erraz egitekoak dira, familia guztiak batera egiteko modukoak. Ibilbide denek ere Arrikrutzeko aparkalekua izango dute irteera puntua, eta pertsonako bost euro ordaindu beharko da.

Eskaintza berezia

Aurten gainera, Oñatiko ostalariekin lortutako akordio bati esker, eskaintza berezia egingo die turismo bulegoak bisitariei. Turistek aukera izango dute lehenengo Oñati herria bisitatu eta gero Arrikrutzeko kobak eta Arantzazu ezagutzeko. Tarte bat izango dute bazkaltzeko eta, herriko ostalariekin lortutako akordioari esker, 14 jatetxe prest daude bisitariei menuak eskaintzeko, 15 eta 30 euroren truke.

Eskaintza hori estatu frantziar eta espainiarrean promozionatu du turismo bulegoak, eta eman ditu bere fruituak, izan ere, jada frantsesez osatutako bi taldek eman dute izena, Frantzian Kobazuloak ikustera joateko ohitura handia ei dago eta.

Ibilaldi eta eskaintza berezi hauetan izena emateko edota informazio gehiago lortzeko, Oñatiko turismo bulegora bertara deitzea komeni da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak