Udaberrian egin asmo dute San Martineko babes ofizialeko etxeen zozketa

Mireia Bikuña 2008ko abe. 16a, 13:04
Atzerapenarekin, baina udaberri aldera egingo dituzte San Martinen eraikitzen diharduten babes ofizialeko45 etxebizitzen zozketa. Hala adierazi zuten azaroko osoko bilkuran. Horren harira, zozketa arautuko duen oinarri zerrenda onartu zuten udal ordezkariek. Prozesua luzea da, baina lehen urratsa eman dute: babes ofizialeko etxebizitza eta garajeen adjudikaziorako oinarriak Gipuzkoako Aldizkarian kaleratu zituzten abenduaren 12an. Orain, hilabeteko epea dute interesatuek alegazioak aurkezteko, urtarrilaren 20ra arte.

Etxebideko zerrendak

Ondoren, beharrezkoak diren alegazioak kontuan hartuta, oinarrien behin betiko zerrenda onartu beharko dute osokoan. Deialdia Gipuzkoako Aldizkarian kaleratu ondoren, Udalak zerrendak eskatuko dizkio Etxebideri. Baldintzak betetzen dituzte hautagaiekin zerrenda egingo dute udal ordezkariek, eta behin betiko zerrenda egiten dutenean, zozketarako eguna zehaztuko dute.
Hori guztiori kontuan hartuta eta atzerapenik ez badago, zozketa udaberria aldera egitea aurreikusten dute.

Lau kupo

Guztira, babes ofizialeko 45 etxebizitza egingo dituzte: horietatik 33 hiru logelakoak izango dira; bederatzi bi logelakoak eta hiru, logela bakarrekoak. Bestalde, garajeak eta etxeari lotutako trastelekuak, derrigor etxearekin batera erosi behar dituzte.
Zozketan lau kupo bereiztuko dituzte. Mugikortasun urria edo iraunkorra duten ezgaituen artean bi etxe zozketatuko dituzte. Hiru seme-alaba ego gehiago dituzten edo familia ugariendako, hiru logelako bi etxe gordeko dituzte. Bestalde, lau urteko antzinatasunarekin Etxebiden izena emanda daudenen artean bi etxebizitza zozketatuko dituzte. Azkenik, gainerako 27 etxeak kupo orokorreko hautagaien artean banatuko dituzte. Bestalde, kupo berezietan etxe barik geratzen diren hautagaien izenak kupo orokorreko zozketan sartuko dituzte.

San Martineko gunea

San Martineko gunean babes ofizialeko 196 etxebizitza; tasatutako 11 eta merkatu libreko 99 etxe egingo dituzte. Guztira, 34.350 metro koadro eraikiko dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak