Txokolate-jan solidarioa, pailazoak eta disko festa bihar, Aratusteak bukatzeko

Mireia Bikuña 2009ko otsailaren 23a

Aratuste-martitzena ekitaldiz beteta dator. Besteak beste, pailazoak, txokolate-jan solidarioa eta disko festa egingo dituzte bihar arratsaldean. Goizean, Errekalde Herri Eskolakoek eta Elkar Hezi ikastetxekoek Aratusteak ospatuko dituzte eskola orduetan.

Elkar Hezi ikastetxeko Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleak 10:30ean irtengo dira kalera. Euskal Herriko kultura aberastasuna ezagutzeko asmoz, Amalur jainkosaren irudia landuko dute.
Errekalde Herri Eskolako neska-mutikoek kaldereroen jaia egingo dute. 11:00etan eskolako jolas-lekuan elkartuko dira. Eguraldi txarra egiten badu, kiroldegiko frontoian egingo dute jaia.

Pailazoen ikuskizuna

Aratuste-martitzeneko ekitaldia umeendako ikuskizunarekin hasiko dute. Hain justu ere, Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoek Taulara! ikuskizuna egingo dute 17:00etan kiroldegian. Sarrera doan da.
Ikuskizuna bukatu orduko Parrokiako Misio taldekoek prest izango dute txokolatea plazan. 18:30etik aurrera banatuko dute txokolatea. Batutako dirua Beninen (Afrika) egin gura duten eskolara bideratuko dute.
Ordu berean, txorimaloak  eta buruhandiak irtengo dira Santa Ana antzokitik eta kalerik kale ibiliko dira.

Disko festa

Aratuste-martitzena girotzeko disko festa egingo dute plazako kioskoan, eta askotariko musika jarriko dute. Jaia bi zatitan egingo dute: hain zuzen ere, 20:00etatik 21:30era eta 23:00etatik 00:30era.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak