Txirrinka elkarteak lau urte daramatza bidegorria aldarrikatzen. 2004.
urtean, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean eta udalarekin,
dokumentu bat adostu zen, bidegorria lortze bidean, baina ordutik ez
dela ezer aurreratu salatu du Txirrinkako kide Daniel Enparantzak.
Txirrinka
elkarteak, atzo egin zuen, Oñatiarrei gaiaren nondik norakoak azaltzeko
bilera irekia. Hain zuzen ere, bilera horren harira, udalak bilera bat
egiteko deia luzatu dietela esan zuten. Bilera hori udaletxean egingo
da uztailaren 16an. Orduan jakingo dute zeintzuk diren aurrera begirako
udalaren asmoak, baina orain artekoan aurrerapausorik eman ez dela eta
gainera, informazio guztia komunikabideen bitartez heltzen zaiela
salatu dute.
Baina bidegorriaren gaiak sentsibilizazio lan
handia eskatzen duela gaineratu zuten eta alde horretatik ere, ez
ikastetxetan eta ezta gizartean ere, ez dela ezer egin gaineratu zuten.
Bien
bitartean, elkarteak bidegorri sare egoki baten aldarrikapena egiten
jarraituko du. Eta orain arte bezala, hileko hirugarren egubakoitzean
kalera aterako dira aldarrikatzera. Horretarako gainera, Bidegorria
orain dioten txartel batzuk atera dituzte bizikletetan ipintzeko.
Txartelek, 6 euro balio dute.
Udalarekin egingo duten
bileraren ostean, bertan jasotako informazioa eta berba egindakoaren
berri herritarrei zabaltzeko, uztailaren 23an, eguaztena, beste bilera
bat egingo dute, arratsaldeko 7etan.