Txantxiku Ikastolak ekitaldiz bete du asteburua

Iker Barandiaran 2009ko api. 6a, 01:01
Oñatiko Txantxiku Ikastolak urteroko jaia egin du asteburuan. Lehenik eta behin, egubakoitzean ikasleek hainbat ikuskizun egin zituzten kiroldegiko pilotalekuan; eta horrez gain, zapatuan ate irekiak izan zituzten goizean, eta Pirritx, Porrotx eta Mari Motots arratsaldean.

Aurtengoa lehenengo aldia da kiroldegiko pilotalekuan egiten dutela, orain arte Santa Ana antzokian egin izan dutelako. "Santa Ana lekuz mugatuta dago; pilotalekuan jende ugari izan da eta jendeak aldaketa eskertu digu", azaldu zigun Txantxiku Ikastolako Jabi Agirrek. Bi emankizun egin zituzten egun berean: bata, bazkal ostean, ikasleendako; eta bestea, 18:00etan, gurasoendako eta beste herritar guztiendako. 700 bat lagun batu zituzten.

Ikasleak, protagonista

4 urteko umeek koreografiak egin zituzten; 1. mailakoek ingelesezko antzezlan bat; bigarren mailakoek Aratusteetan ikasitako koreografiak; bosgarren mailakoek bertso trama; eta DBH 1ekoek Oh happy day ikuskizuna irudikatu zuten. Horrez gain, ikastolako kantu tailerrekoek pare bat kantu abestu zituzten.     
Zapatu goizean ate irekiak izan zituzten; eta arratsaldez, urtero egin ohi duten moduan, Pirritx, Porrotx eta Mari Motots. 1.040 sarrerak agortuta. Eta umeak? Pozarren. Zer esanik ez, ikuskizunean esku hartu zuten 5 urteko Oñatiko umeek.
Asteburuko jaia Korrikarekin bukatu zuten Txantxiku Ikastolakoek; eta oso balorazioa ona egin dute jaiarena. Horrez gain, eskerrak eman gura dizkiote kiroldegia prestatzen lan egin zuten guraso guztiei, euren ahalegina handia izan ei zelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak