Turismo baliabideak eskuko telefonoan ikusteko aukera dago

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko urt. 23a, 11:11
Oñatiko Turismo bulegoan autogidatutako telefonia zerbitzua jarri dute martxan. Metz izeneko proiektua da, eta sare hibridoak erabiliko ditu turismo zerbitzu hornidurarako. Proiektu pilotua martxan dago eguaztenetik aurrera; eta, otsailaren 28ra arte egongo da zerbitzu berria erabiltzeko aukera.

Oñatiko Turismo bulegoan autogidatutako telefonia zerbitzua jarri dute martxan. Metz izeneko proiektua da, eta sare hibridoak erabiliko ditu turismo zerbitzu hornidurarako. Eskuko telefonoan ikus-entzunezko zerbitzuak ikustea da helburua; kasu honetan, turismora egokitutako  ikus-entzunezkoak izango dira.

Bi telefono

Turismo Bulegoan bi Nokia telefono egongo dira bisitarien eskura. Gura duenak, bi sakelako telefono horietako bat hartu beharko du turismo eskaintza ikusteko. "Ez da ezer ordaindu behar telefonoa hartzearren; baina, telefonoa hartzen duenari nortasun agiria eskatuko diogu eta sakelakoa itzultzen duenean itzuliko diogu guk ere agiria", azaldu du Turismo bulegoko Edurne Gorostizak.

Zozketa egingo dute

Proiektu pilotua martxan dago eguaztenetik aurrera; eta, otsailaren 28ra arte egongo da zerbitzu berria erabiltzeko aukera. Gainera, Oñatiko turismo bulegoan erabiltzailea saritu gura dute. Hori dela eta, zozketa egingo dute parte hartzaileen artean. "Zerbitzua erabiltzen duenak inkesta bat bete beharko du sakelakoa itzultzerakoan. Hala, turismo bulegoko produktuez osatutako otarre baten zozketan parte hartuko du", gaineratu du Gorostizak.

Zer ikusi daiteke

Telefono mugikorrean Oñatiko baliabide turistikoak ikusteko aukera egongo da. Hamar minutu baino gutxiagoko ikus-entzunezko baten bitartez, Oñatiko hainbat txoko erakutsi ditu sakelekoak. Ikusentzunezkoa euskaraz eta gazteleraz dago aukeran.
Proiektu pilotua denez, oinarrizko baliabide turistikoekin hasi dira; batez ere, artea, historia, Unibertsitatea, parrokia eta Arrikrutzeko kobak erakutsiko dituzte.


Hainbat erakundek hartu dute parte proiektuan: Oñatiko Garapen eta Turismo agentzia, Euskaltel, Itelazpi, Batura, Goitb eta Vicon dira erakundeak.

GOITB sakelakoan

Turismo baliabideak ikusteaz gain, sakelakoan GOITB ikusteko aukera ere badago. Itelazpi arduratu da telebista sakelakoan ikusteko beharrezkoa den azpiegitura sortzeaz. Eskuko telefonoak eskaintzen dituen aukera guztiak batu eta erabiltzailearen eskuetan jartzean izan da proiektuaren nahia. Hala, GOITB sakelakoan ikusi daiteke Oñatin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak