Torreauzoko krosak hamaika urte egingo ditu domekan

Xabier Urtzelai 2008ko eka. 27a, 14:41
San Pedro jaien barruan egingo dute domekan Torreauzoko 11. Krosa. Aurten Antxintxiketan taldeak hartu du proba hori antolatzearen ardura. 10:30ean gaztetxoen lasterketak egingo dituzte, eta 11:00etan korrituko dute nagusiek.

Antolatzaile lanetan dabilen Asier Osinagak azaldu duen moduan, aurrekontu aldetik justu samar ibili diren arren, proba hori ondoren egiten den zozketagatik egin da famatu, eta aurten ere mailari eusteko ahalegina egingo dute: "Baina, orain arte zozketatzen ziren urdaiazpikoak gaztengatik ordezkatuko ditugu", esan digu umore onaz. " Gogoan dut iaz 100 lasterkari inguru izan ginela, eta gutako erdiak saria eraman zuen etxera.


Gehienak ibarrekoak
Aurten ere lasterkarien parte-hartzea antzerakoa izango dela uste dugu". Zozketarekin batera, baina, lehenengo sailkatuek euro batzuk poltsikoratuko dituzte: 200 lehenengoak, 100 bigarrenak eta 50 hirugarrenak. Horrekin batera, inork probaren marka ontzen badu, beste 200 euro irabaziko ditu; gizonezkoetan Abdeslam Serrokh-ek du errekorra (22.07), eta emakumezkoetan Cristina Petitek (26.06).
Goiko markak profesional mailako atletek eginikoak dira, eta maila apalago batean, atleta herrikoien artean, beste marka hauek gainditzen dituztenendako 50 euro izango dira: Ritxar Fernandez (22.41), eta Estela Biain (31.01).
gaztetxoendako ere bai
Domekarako prestatu duten hitzordua ez da nagusiendako bakarrik, gaztetxoendako lasterketa ere egingo dute-eta. Hala, 10:30ean kadete, infantil eta alebin mailako atletek 2.000 metrotako lasterketa egin ahal izango dute, eta ondoren etorriko da nagusiena (7.600 metro).
Ibilbideari dagokionez, Torreauzon bertan egongo da irteera puntua eta baita helmuga ere –Etxe Aundi jatetxearen ondoan–. Handik Usako aldera egingo dute korrikalariek, eta errepidean gora jarraituko dute Olateraino, han buelta erdi eman eta behera egiteko. Izenemateari dagokionez, antolatzaileek egunean bertan hartuko dituzte izenak, proba baino ordu erdi lehenago. Nagusiek 5 euro ordaindu beharko dituzte krosean esku hartzearren, eta gaztetxoendako doan izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak