Tasatutako 48 etxebizitza egingo dituzte Kurtiderixa izeneko eremuan

Mireia Bikuña 2008ko mar. 30a, 19:18
Aikia S.L enpresak, Kasablanka-Hegoa gunean eraikiko dituen 60 etxeetatik 48 tasatutakoak izango dira, hain zuzen, 81 eta 106 metro koadro arteko azalera duten etxebizitzak. Bestalde, prezioak 203.000 eta 254.000 euro artean egongo dira, garajea barne. Alegazioak aurkezteko zabalik dagoen epea itxi ondoren, apirileko osoko bilkuran onartuko du Udalak zerrenda behin betiko izaeraz. Ondoren, izena emateko bulegoa zabalduko dute.

Lau kupo ezberdin

Kurtideerixako eremuan diren 48 etxeak lau kupo ezberdinetan zozketatuko dira. Alde batetik, ezgaitasunen bat edo mugikortasun arazoak dituzten eskatzaileen artean etxe bat zozketatuko da.
Beste alde batetik, hiru seme-alaba edo gehiago dituzten eskatzaileen artean hiru etxe zozketatuko dira. Beste hiru etxe banatuko dira Etxebideko zerrendan lau urtez edo gehiagoz izena emanda duten eskatzaileen artean.Azkenik, gainontzeko 41 etxeak kupo orokorrean zozketatuko dira. Gainera, lehenengo etxebizitzen zozketa Oñatin erroldatuta  egotearen baldintza betetzen dutenen artean egingo da, eta adjudikatu bariko etxeak geldituz gero, baldintza hori betetzen ez dutenen artean zozketatuko dira. Edozelan ere, kupo bakoitzean etxebizitza barik geratzen diren eskatzaileek, bigarren aukera izango dute kupo orokorreko zozketan.

2006ko diru-sarrerak

Kurtiderixako etxebizitza tasatuak eskuratu nahi dituztenek Udalak zehaztutako hainbat baldintza bete behar dituzte. Zozketan parte hartzeko ez da derrigorrezkoa Oñatin erroldatua egotea, baina, lehentasuna edukiko dute. Baldintza ekonomikoei dagokionez, eskatzailearen 2006. urteko diru-sarrerak hartuko dira kontutan. Hain justu ere, 27.000 eta 54.165 euro artekoak izan behar dira. Era berean,  etxebizitzaren titular kide guztien diru-sarrerak hartuko dira kontutan azken zenbatekoa egiteko. Bestalde, etxe tasatuak eskuratzeko eskaera egiten duten lagunek ezingo dute beste etxebizitzarik jabetzan eduki azken bi urteotan, Espainiako Estatuan.

Kalifikazioa

Kurtiderixako etxeek eta baita garajeek Babestutako Etxebizitza kalifikazioa iraunkorra izango dute. Hortaz, hirugarren pertsona bati saldu nahi izanez gero, prezioa ezingo da behin-behineko kalifikazioan finkatutakoa baino handiagoa izan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak