Tanatorioak ireki ditu ateak

Txomin Madina Milikua 2008ko uzt. 17a, 19:40
On Sabino parrokoaren bedeinkapena jasota, gaur inauguratu dute tanatorioa. 365 metro koadro ditu, eta bertako hotz ganberetan hiru hilotz batera hartzeko gaitasuna du. Arduradunen hitzetan, bilatu dutena izan da hildakoen familien erosotasuna.

Lanekin hainbat arazo izan ostean zenbait hilabetetako atzerapenarekin bada ere, gaur inauguratu dute Oñatin Moyua ehorztetxeak martxan jarri duen tanatorioa. Otadui Zuhaiztian dago kokatuta, eta 365 metro koadro ditu orotara, hainbat gela eta zerbitzutan banatuta. Hiru hotz ganbera ditu hilotzak hartzeko, eta baita harrera leku zabal bat ere, familiakoak bertan egon daitezen. Honetaz gain, baditu beste zenbait gela: hilkutxen eta hautsak gordetzeko ontzien erakusketa eta  hilotzak prestatzeko gela berezi bat ere bai.

Miguel Angel Moyuak adierazi duenez, beste herri batzuetako tanatorioetako hainbat elementu hartu ditu eredu, eta bere hitzetan, bilatu duena izan da hildakoen familien erosotasuna eta lasaitasuna. Hala, aparkaleku propioa eta aterpetxo bat ere baditu kanpora irten gura duenarentzat.

Gaurko inaugurazio ekitaldian, herritarrak, beste hainbat tanatorioetako ordezkariak eta Udaleko ordezkariak ere egon dira. Angel Biain Hirigintza zinegotziaren hitzetan, duela hiru urte hasi ziren Moyua ehorztetxekoekin harremanetan tanatorio bat irekitzeko. Behin irekita, herrian zegoen hutsune bat bete dela gaineratu du, izan ere, orain artean, zerbitzu hau erabili gura zuten oñatiarrek Arrasate edo Bergarara joan behar izaten zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak