Suhiltzaileek teilak kendu dituzte Errekalden, Santa Marinan eta San Lorentzon

Mireia Bikuña 2010eko martxoaren 3a

Astelehenean ibili ziren suhiltzaileak haizealdiaren ondorioetako batzuk konpontzen. Teilatuetan solte zeuden teilak kentzen lan ikaragarria egin zuten.

Astelehenean Errekalde auzoko atari gehienetan egon ziren teilak batzen. Era berean, Santa Marina plazako eta San Lorentzo auzoko hainbat ataritan ibili ziren.
Auzo horietako bizilagunek SOS Deietan emandako abisuak oinarri hartuta aukeratu zituzten kaleak eta atariak. "Guk jasotako deiekin eta udaltzainek egindako ikuskapenarekin erabaki genuen ze ataritara joan. Auzo horietako teilatu batzuk nahiko egoera txarrean daude", esan digute suhiltzaileek.
Apurtuta zeuden teilak bota egin dituzte, eta osorik zeudenak atari bakoitzaren sarreran pilatu dituzte berriro erabil daitezkeen erabakitzeko.

Azkoagaineko kalteak

Bestalde, haizealdiak Azkoagainen egindako kalte gehienak konpondu dituzte. Apurtutako eserlekua kendu egin dute, eta eroritako bi zutabeetako bat moztu egin dute. Gainera, argiak orientatu egin dituzte.
Atzotik entrenamenduak normal egin dituzte Azkoagainen. Egubakoitzean konponduko dute zatitutako berdegunea, eta hormigoizko txingorrak eta bridak kenduko dituzte. Kirol teknikari Oscar Carrascalek esan digu aste bukaerako partiduetarako apurtutako eserlekuaren ordezkoa faltako dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak