Uztailean langile guztiak batzar batera deitu omen zituzten. 19 langileren izenak eman eta horien kaleratzea bozkatzea proposatu zieten, kaleratze horiek onartu ezean enpresak itxi egin beharko lukeela adieraziz. Asanblada hori lotsagarritzat jotzen dute ELA eta ESK sindikatuetan eta enpresa ixteko mehatxua egin izana salatzen dute.
Negoziazioa eskatzen dute
Egoerari aurre egiteko langileen ordezkariek luzatutako proposamenak onartu ez izana ere kritikatzen dute. Neurri horien artean daude aurre-erretiroak edo borondatezko bajak, besteak beste. Bi sindikatuek uste dute akordio bat posible dela STADLER-en eta Zuzendaritzari negoziazio prozesu bat martxan ipintzea eskatzen diote. "Xantaia politika lehenetsi eta negoziazio alboratu beharrean benetako negoziazio mahai bat martxan ipintzea", eskatzen diote. Datozen egunotarako mobilizazioak ere iragarri dituzte egoerak berdin jarraituz gero.
Stadler enpresarekin harremanetan jarrita esan digute ez dutela momentuz adierazpenik egingo.