Soldadura tailerra eta frontoi eraberritua inauguratu dituzte Zuazola-Larraña institutuan

Julen Iriondo 2008ko aza. 30a, 10:56
Ia bi hamarkadaz Udalak eman ditu soldadura ikastaroak bere instalazioetan. Orain lagapen hitzarmena sinatu dute Zuazola-Larraña institutuarekin, eta ikastetxearen esku utzi dute euren ekipamendua. Aurrerantzean institutuan emango dituzte ikasle, langile eta langabetuentzako soldadura ikastaroak. Bestalde, 60ko hamarkadako frontoia goitik behera berritu dute, eta Abel Barriolaren ohorezko sakearekin inauguratu zuten.


Azken 18 urteetan Udalak eman duen soldaduraren gaineko formazioa Zuazola-Larraña institutuaren esku geratu da. Iaz sinatu zuten hitzarmena, eta zapatuan irudikatu zuten, tailerraren inaugurazioarekin. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Lourdes Idoiaga alkatea, Kepa Altube institutuko zuzendaria eta Josu Aboitiz Lanbide Heziketako Eusko Jaurlaritzaren arduraduna, herriko eta ibarreko hainbat ikastetxetako ordezkariekin batera.
Oñatiko Udala 1.989 urtean hasi zen lanerako prestakuntza ikastaroak antolatzen. Garai hartan %14,5 zen langabezia tasa. Urte hauetan guztietan emandako ikastaroak asko eta alor desberdinetakoak izan dira: mekanika, sukaldaritza, elektrizitatea, informatika..., baina arrakasta gehien izan dutenak galdaragintza eta soldadura dira. Guztira, 33 ikastarotan 540 ikasle izan dira.

Herriko enpresa garrantzitsuenen eskaerari erantzunez erabaki zuen Udalak soldadura ikastaroak martxan jartzea. Langabetuei lanerako bidea erraztea eta lanean dabiltzanak hobeto prestatzea izan da ikastaro hauen helburua.
Ia bi hamarkadatan zerbitzu hau zuzenean kudeatu ondoren, iaz erabaki zuen Udalak soldadura arloko prestakuntza Zuazola-Larraña institutuari eskualdatzea. Horretarako, lagapen hitzarmen bat sinatu zuten bi aldeek, Udalaren ekipamendua eta INEM-eko homologazioak institutuari utziz. Orain arte Udalaren instalazioetan egon den ekipamendua 15 soldadura postuk osatzen dute, eta beste hiru jarri ditu eskolak. 
Udaletik bi aldeen mesederako ikusten dute erabakia, prestakuntza ikastetxeen eginkizuna delako, eta hezkuntza arautuko ikasle kopurua jaitsi egin den arren, prestakuntza ez arautuko esparruak eta aukerak zabaltzen ari direlako. Zentzu honetan, Josu Aboitizek zapatuan adierazi zuen Lanbide Heziketan dagoela krisiaren irtenbidea: "Azken urteetako beherakada eten eta matrikulazio kopuruak gora egin du. Titulu berriak ere aterako ditugu datorren ikasturtean". Lourdes Idoiagak gaineratu zuen langabezia aurreikuspen gogorrei aurre egiteko garrantzitsua dela Zuazola-Larraña insitutuarekin martxan jarri dutena moduko elkarlana.
Bere egoitzan soldadura tailerra ezarrita eskaintza handitzeko aukera du orain institutuak. Aurrerantzean ,beraz, Zuazola-Larraña institutuan emango dituzte ikasle, langile eta langabetuendako soldadura ikastaroak.

Baina soldadura tailerrarekin batera institutuko frontoi eraberritua ere inauguratu zuten zapatuko ekitaldian. Hirurogeiko hamarkadan egindako frontoia da, eta hainbeste urte pasatuta berritzeko premia handia zuen. Honela, goitik behera txukundu dute pilotalekua: paretak, zorua, sabaia, aldagelak, komunak...
Ohorezko sakea egiteko ardura Abel Barriola Aspeko pilotari leitzarrak izan zuen, antzezle ezagunak botilero lanetan zituela. Besteak beste, Noaoa saioan ikusi izan ditugun Mikel Laskurain eta Oier Lasa aktoreek umore puntua eman zioten ekitaldiari. Amaitzeko, herriko pilotari gazteek partidua jokatu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak