Soinu eta pandero jolez bete zen zapatuan herria

Txomin Madina Milikua 2008ko api. 27a, 22:28
Eguraldi onak lagunduta, arrakastatsua izan zen Debagoieneko VI Trikiti Eguna. Herriko hiru trikitilari beterano ere omendu zituzten.

Uda giroan egin zen zapatuan Debagoieneko IV. Trikiti Eguna Oñatin. 11 talde elkartu ziren denera, eta ibarretik ez ezik, Soraluze eta Azkoitiatik ere etorri ziren trikitilariak. Kalerik kale ibili ziren goiz guztian zehar, eta eguerdi inguruan, Unibertsitateko plazan elkartu ziren denak, gogor jotzen zuen eguzkipean talde bakoitzak trikiti erakustaldia egiteko.  Hainbat pieza jo zituzten bertan, eta jende ugari hurbildu bazen ere, ez ziren asko izan dantzan egitera animatu zirenak. Izan ere, beroak eta eguzki izpiek gerizpetara eraman zituen asko eta asko.

Trikitilariei omenaldia

Eguneko momenturik hunkigarriena Oñatiko hiru trikitilari beteranori egin zitzaien omenaldia izan zen. Hala, Gregorio Kortabarria 'Sarramendi' eta Konrado Kernstock soinujoleak eta Santiago Guridi 'Beitti' pandero jolea  Unibertsitate ondoan jarritako taula gainera igo ziren. Euren ilobek jotako piezak entzun ostean, ohorezko zapia, oroigarri bat eta Oñatiko udalak egindako oparia jaso zituzten hirurek ere hainbat urtetan trikiti munduaren alde egindako lanarengatik. 'Beittik'  eta Kernstockek zenbait pieza jo zituzten gero, eta urduritasunak urduritasun, argi utzi zuten urte luzetan lortutako esku ona.

Omenaldiaren ostean, 500 pertsona inguru joan ziren kiroldegira, Larraingainekoek prestatutako herri bazkarira.

Arratsaldean, erromeriak

Arazo teknikoen ondorioz atzeratu egin bazen ere, Trikizio taldearekin erromeria egin zuten arratsaldean, eta egarria zuenak, triki-poteoan parte hartzeko aukera izan zuen.

Iluntzeak baina, ez zuen festaren amaitzea ekarri, jarraipena baizik. Hala, Imuntzo eta Belokiren erromeriarekin ordu txikietarako bidea hartu zuten askok. Orduan bai, gehiago izan ziren hankak astintzera animatu zirenak.

Antolatzaileak gustura

Antolatzaileak oso gustura agertu ziren egunak eman zuenarekin, euren esanetan jende asko ibili baitzen egun guztian zehar, eta gaineratu zuten eguraldiak ere asko lagundu zuela. Hurrengo urtean Trikiti Eguna non egingo den ere  iragarri zuten: Antzuolan hain zuzen ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak