Zazpi urte daramatza taldeak jo eta su, baina hasierako ilusioa eta gogoa mantentzen dute. Disko berriarekin gustura daude hiru oñatiarrak. "Irailetik geneukan entzunda eta emaitzarekin oso gustura gaude". Jende asko elkartu zen aurkezpenean eta taldekideak pixka bat urduri zeudela esan ziguten. Ez zuten ez lan makala izan diskoak sinatzen.
13 Taupada
Bigarren diskoa, lehen diskoa baino ilunagoa da. Hala ere, estilo ezberdinak uztartzen dituzte. Adibidez, Juarez Town abestiak ukitu ezberdina dauka. Mikel Zarketa gitarra-joleak esan digu gustatzen zaiela ukitu mexikarra akustikoetan. Stonerra egiten dute baina ez zaiela estiloa markatzea gustatzen nabarmentzen dute. "Stonerra egiten dugu baina ez zaigu estilo bakar batean finkatzea eta mugak jartzea gustatzen. Taldekide bakoitzak musika ezberdina entzuten du eta iturri ezberdinetatik edaten du taldeari ukitu berezia emanez.
Danbakako lehen irabazleak
Danba lehiaketaren gaineko oroitzapen ona gordetzen dute. Zuzenekorako toki aparta eta aukera bikaina dela azpimarratu digu Zarketak. "Esperientzia ona eta oroitzapen ona gordetzen dugu. Lehiaketa irabazteak sekulako ilusioa egin zigun".
Diskoa salgai
Guztira, 13 abesti batzen ditu diskoak, "13 Taupada". Metafora antzeko bat egin dute. Taupada bakoitza bizitza aurrera doan seinale dela diote eta euren kasuan abesti bat taupada bat dela. Grabaketa Bonberenean egin dute Karlos Osinaga, Txapekin. Gustura daude emaitzarekin eta lortu den soinua oso naturala dela diote. "Zuzeneko baten oso antzekoa da, musika gordina da diskokoa".
Gor diskoetxeak banatuko du diskoa. Ohiko denda (12 euro) eta tabernetan (10 euro) jarriko da salgai.
Orain, neguko agenda gainezka dute. Aurrera begira ere hirugarren diskoa bat ateratzeko asmoa badaukate. Izan ere, abesti berriak gordeta dituzte.