Sei mila lagunetik gora joan ziren Arantzazura erromes

Leire Kortabarria 2007ko api. 2a, 10:55
Gipuzkoa osoko sei mila fededunek erantzun zioten zapatuan Donostiako Gotzaindegiak erromesaldira egindako deiari, eta Oñatitik Arantzazuko Santutegiraino igo ziren, urtero Erramu Domeka bezperan egiten den moduan. 'Igo gainera eta zabaldu begirada' leloa azaltzen zuen pankartaren atzetik joan ziren, Joan Maria Uriarte Donostiako gotzaina buru zutela. Aurrealdean, Jaurlaritzako bozeramaile Miren Azkarate ere bazegoen.

Berezitasunak

Berezitasun batzuk izan ditu aurtengo erromesaldiak: hala, adibidez, Donostiako Gotzaindegiak antolatuta, hiriburuan bizi diren etorkin batzuk etorri ziren autobusez igoerarako, baita katekesira doazen ume talde bat ere.

Ekitaldi sinbolikoa

Ordutegia zorrotz bete zen: 09:30ean, Oñatiko parrokiako kanpaien hotsarekin batera, abiatu zen taldea, eta 12:50erako, santutegiko inguruak berriro lasai zeuden, jendea etxera bueltan.

Ekintza sinbolikoa egin zuten santutegi parean: bi gaztek eliza gainera eskalatu zuten, eta erabili zituzten sokek esanahi berezia zuten: "Eurak sokek sostengatu zituzten bezala, gizartea Ebanjelioak sostengatzen du orain", horrelaxe azaldu digu Iñaki Beristain Arantzazuko frantziskotarrak.

Gotzainak berba batzuk egin zituen ere, eta "bakea gero eta gertuago" ikusten duela esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak