Sanmigelak, aurrekontu txikiagoarekin

Mireia Bikuña 2009ko irailaren 25a

Krisiaren eraginez, Udalak jaietako aurrekontua 17.000 euro murriztu du iazkoarekin alderatuta. Guztira, ia 149.000 euro gastatuko dituzte (2008an 166.000 euro).

Astelehenetik eguaztenera eta urriaren 3tik 5era ospatuko dituzten sanmigeletako eta Errosario jaietako aurrekontua murriztu egin du Udalak. Aurrekontu txikiagoa erabilita, egitarautik kendu dituzten ekitaldi nagusiek bi izan dira: San Migel Bixamon eguneko goizeko sokamuturra (horren ordez haurrendako jolas erraldoien parkea jarriko dute) eta Errosario eguneko su artifizialak.
Bestalde, herriko taldeen artean banatzeko partida %10 igo dute iazkoarekin alderatuta, hiru ekitaldi berri daude-eta: hilaren 29an, Makalena elkartekoen herri antzerkia; urriaren 4ko auto klasikoen erakusketa eta biharko mus txapelketa.

Sokamuturran ibiltzeko

Uda partean hainbat herritako zezen festetan izandako istripuak eta hildakoak kontuan hartuta, udal arduradunek gogoratzen dute sokamuturrean jarduteko 16 urte beteta izan beharko dutela. Adin horretatik beherakoek debekatuta dute plazan sartzea. Gainera, gogorarazten dute hesietan jarritako burladeroak korrikalariendako bakarrik direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak