Gaur arratsaldeko 17:00etan zeukaten hitzordua Oñatiko Udaleko eta Gazte Asanbladako kideek. Ordu berean, gazte asanbladak kontzentrazioa deitu du Udaletxeko arkupetan. Hiruna ordezkari udaletxean batu direnerako, arkupeak gaztez batez ere eta zenbait gurasoekin beteta zeuden.
18:15ak aldera, gazte asanbladako kideak plazara jaitsi dira txalo artean, eta jakinarazi dute San Martin ermita ondoko lokala izango dela behin-behineko gaztetxea, eta Udalak eta gazte asanbladak elkarrizketekin jarraituko dutela.
Bi aldeek, Udalak eta gazte asanbladak, GOIENAri jakinarazi diote baikor direla adostutakoarekin, eta elkarrizketekin jarraitzeko gogoz daudela. Hurrengo batzarra urriaren 1ean egingo dute.
Gazte asanblada une honetan batzartuta dago San Martineko gaztetxean, eta oraindik ez dute jakinarazi asteburutik bi gaztek egiten diharduten gose greba etengo duten edo ez.