San Martin egoitzako beheko solairuko berritze lanak, martxan

Mireia Bikuña 2009ko mai. 5a, 12:05
Zaharren egoitzan dauden bizilagunek elkarrekin erabiltzen dituzten guneak eta gelak txukunduko dituzte. "Guztiek erabiltzen dituzten guneak konponduko ditugu; besteak beste, ile-apaindegia, liburutegia, errehabilitazio gela, kafetegia eta hildakoak egoten diren gelak", esan digu obrako zuzendariak. Era berean, komunak berrituko dituzte eta pasillo nagusitik sarrera egingo diete. Gainera, hildakoen gelaren ondoan hall bat egingo dute.

Eraberritze estetikoa

San Martin egoitzako beheko solairuan egiten diharduten eraberritze lanak, batez ere, itxura aldaketari dagozkiola esan digute: "Oso zaharkituta dago beheko solairua. Egingo ditugun aldaketa gehienak estetikoak dira. Egoitzako bizilagunek eta senitartekoek eskertu egingo dute aldaketa. Euren egonaldia erosoagoa izan dadin, beharrezkoak dira".
Egoitzako bizilagun guztiek erabiltzen dituzten geletako eta guneetako zoruak eta lurrak aldatu egingo dituzte. Ate berriak ipiniko dituzte, eta instalazio elektrikoa aldatuko dute. Gainera, eraberritutako geletan altzari berriak jarriko dituzte.
lanak, zatika
Beheko solairuko eraberritze lanak zatika egingo dituzte, lanak egiten dituzten bitartean ahalik eta gela gehien erabilgarri egon daitezen. Une honetan, komunak eraberritzen dabiltza.
Zaharren egoitzako eraberritze lanak zatika kontratatu dituzte, eta lanen aurrekontua Foru Aldundiaren eta Oñatiko Udalaren artean ordainduko dute.

Duela bi urte egindako lanen osagarri

Beheko solairuan egiten diharduten lanekin bukatuko dute zaharren egoitzaren eraberritzea. 2006ko abenduan inauguratu zituzten hirugarren eta laugarren solairuetan egindako berrikuntzak. Hirugarrenean psikogeriatria zerbitzua jarri zuten. Jangela eta egongela propioak daude, eta, guztira, 15 lagunendako tokia egin zuten. Laugarren solairuan arazo arkitektoniko guztiak deuseztatu zituzten, eta logela guztiak gurpildun aulkietan daudenek erabiltzeko moduan egokitu zituzten. Aurrekontua 1.462.000 euro izan zen. Aldundiak %54 ordaindu zuen eta gainerakoa, berriz, Oñatiko Udalak.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak