San Lorentzo eta Errekalde eraberritzeko 725 mila euro

Miren Arregi Amasorrain 2007ko abe. 14a, 13:58
Hirigintza arloan 3 milioi euro eta erdi pasatxo inbertituko ditu Udalak. San Lorentzo eta Errekalde auzoen eraberritze lanetarako 725 mila euro.


Joan den hileko 29ko osoko bilkuran onartu zuten aurrekontua Oñatiko Udalean. Aurten, hirigintza alorrean inbertsio handiak egingo ditu Udalak; izan ere, 3.776.882 euro izango ditu  lanok burutzeko.
Diru kopuru handiena kiroldegiko obrak amaitzeko eta likidazioa egiteko bideratuko dute: hain zuzen ere, milioi bat euro. Bestetik, beste diru kantitate handi bat bideratuko dute Urrutxuko zabortegia izandako lurrak garbitzeko eta lur horiek jasandako kalteak konpontzeko. Aurreikusten denaren arabera, martxoan hasiko dira lanok, eta, Udalaz gain, Foru Aldundiak beste 1.3000.000 euro ipiniko ditu.

San Lorentzon, 952 mila euro

Hirigintzara bideratutako diru kopuruaren barruan, San Lorentzo auzoa eraberritzeko lanen kostua ere badago. Izan ere, badira auzo horretan konpondu beharra duten hainbat gune; besteak beste, espaloiak, auzo osoan dauden eskailerak, garajeetarako sarrerak... Azken finean, urbanizazio alorrean auzo horrek dituen gabeziak eta hutsuneak konpontzeko bideratuko dute dirua. Hain zuzen ere, auzotarrak aspalditik kexu dira auzoan hainbat azpiegitura-gune zaharkituta eta egoera txarrean daudela ikusita. Bada, San Lorentzo eraberritzeko, 500 mila euroko aurrekontua du Udalak 2008ari begira,eta datozen urteetan, beste 450 mila euro inguru bideratuko ditu. Horrez gain, San Lorentzoko kirol-gunea egiteko ehun mila euro bideratuko dituzte. Diru hori, baina, kirol arloari dagokio, eta ez hirigintza atalari.

Errekalden proiektua egiteke

Errekalde auzoko eraberritze lanetarako 225 mila euro zuzenduko ditu Udalak. Han ere badira azpiegitura alorrean dauden hainbat akats, eta horiek konpondu gura ditu Udalak. Auzotarrekin landuko dute proiektua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak