Talde bietako jokalari, entrenatzaile eta delegatuek opari bana jaso zuten Aloña Mendikoen izenean partidua hasi aurretik. Gainera, Arrateko delegatu Jose Antonio Alberdik aipamen berezia izan zuen urteetan Aloña Mendirekin izan duen harremanagatik. Banan-banan aurkeztu zituzten talde bietako jokalariak; esan behar da, Igor Moiua Arrateko atezainak harrera beroa izan zuela Zubikoan bildutakoen partetik; izan ere, Moiua erdi txantxikuarra da.
Kadete mutilei, txaloak
Bestalde, Aloña Mendiko kadete mailako mutilak omendu zituzten Gipuzkoako txapelketa irabazi berri dutelako.
Behin aurkezpenak eta omenaldiak eginda, lehia hasi zuten.
San Antonio, hobeto
Hasieratik aurre hartu zuen markagailuan Iruñako taldeak. 15. minuturako 2-7 aurretik ziren nafarrak. Eibarko taldea ahalegindu zen gauzak ondo egiten, baina erritmoa hartzea kosta egin zitzaien. "Lehenengo zatian erritmo gutxirekin jokatu dugu, eta gainera akats asko egin ditugu", azaldu zigun Igor Moiua atezainak. Atsedenaldira 7-10 aurretik iritsi ziren nafarrak. Bigarren zatian, intentsitate gehiagorekin jokatu zuten eibartarrek. Hala, aldea murriztea lortu zuten lehenengo 10 minututan: 14-16. Baina, hurrengo bost minututan 1-5eko partziala egin zuten nafarrek, markagailua 15-21 utziz. Hala, beti atzetik eta ezinean ibili ziren gipuzkoarrak. Partidua 23-26 amaitu zen.
Partiduz partidu
Agirrezabal pozik zegoen partidua irabazita: "Lagunartekoa izan arren, irabaztea gustatzen da. Aste gogorra izan dugu, korrika asko egin dugu eta uste dut nabaritu dela kantxan", azaldu zuen. Asobal ligan, Toledo izango dute hurrengo aurkaria. Bi puntu horiek irabaztea derrigorra ikusten du ligan aurrera egiteko. Arratek, ostera, jaitsiera postuak bi puntura besterik ez ditu. Partiduz partidu joan eta etxeko lehiak irabaztea ezinbestekoa izango dute.