Roke Azkune auzoa berritu eta txukuntzea erabaki du Udalak

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko urriaren 21a

Roke Azkune auzoa eraberritzea onartu du Udalak. 50eko hamarkadan egindako auzoa da eta ordutik hona berritze-lan gutxi egin dituzte. Agustin Beitia arkitekto teknikoak idatzi du proiektua eta Udalak onartu egin du lanok egiteko aurrekontua: 72.294 euro. Lourdes Idoiaga alkateak esan du urtea amaitu baino lehen hasiko direla eta lau hilabete iraungo dituztela lanok.

Lan hauek egingo dituzte: auzora sartzeko dauden eskailerak konpondu eta arrapalak egokitu; lurzoruko zoladura berritu; zelai inguruak txukundu eta ur kanalizazio berria jarri; eta argiteria berritu. Gainera, San Martindik jaus daitezkeen harriei eusteko euste-horma bat egingo dute aparkalekuan, San Martin azpian.

Orain dela 55 urte eraiki zen auzoa

"Harri txikiz osatutako lurzorua da San Martingoa; eta dagoeneko oso hondatuta dago. Berritze beharra zeukan auzoak", azaldu du Idoiagak.
Orain dela 55 urte eraikitako auzoa denez, bertan bizi direnak ere adinez nahiko nagusiak dira; hala, beharrezko ikusi du Udalak auzoa berritu beharra.

Beharren araberako lanak

"Auzokideek eurek aspaldi eskatutako obra da egin behar duguna", dio alkateak. Gaineratu du azkenaldian hainbat auzo eraberritzen dabilela Udala, eta beharren arabera jokatzen dutela. Hau da, okerren daudenak egiten dituzte lehenengo, eta gero ondorengoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak