Bisitari asko espero dituzte egunotan Oñatin, promozio zabala egin dute-eta

Leire Kortabarria 2008ko mar. 14a, 10:07
Oñatiko turismo eskaintza Gipuzkoan, Araban, Nafarroan eta Frantzian zabaldu dute. Dagoeneko hiru taldek erreserbatu dute bisita gidatu bana Oñatin. Ibarreko bost turismo bulegoak zabalik egongo dira oporretan.


Aste Santua gainean dugu, eta datorren eguaztenean hasita (martxoak 19) Debagoieneko turismo eskaintzaz gozatzeko modua izango dugu etxekook eta kanpokoek. Aste Santurako ordutegi bereziak gertatu dituzte Debagoieneko turismo zerbitzuek, eta langileak gertu daude ibarrera etorriko diren bisitariak hartzeko.

Turista gehienak Oñatin espero dituzte, eta horretara begira daude Oñatiko Turismo Bulegoko arduradunak. Ez da gutxiagorako: talde batzuek dagoeneko abisatu dute etorriko direla: "Hiru taldek erreserbatu dute bisita gidatua. Bartzelona, Sevilla eta Madrildik etorriko dira. Horrez gain, informazio eskaera asko jaso ditugu posta elektronikoz", azaltzen du Oñatiko Turismo Bulegoko Iñaki Igartuak.

Arrikrutzera joateko gonbita

Oñatira etorriko diren turistek informazio gune berezia izango dute Sancti Spiritus Unibertsitatean. Han, bisita gidatuak hartu ahal izango dira. Bestalde, turismo bulegoan ere egongo dira langileak bisita gidatuak, esku-orriak, informazioa… emateko gertu. "Ez bakarrik Oñatin bertan ibiltzeko; Arrikrutzera eta Arantzazura igotzeko gonbidapena egingo diegu bisitariei", esaten du Iñaki Igartuak. Hala ere, ohartarazten du Arrikrutzeko kobazuloak ikusi gura dituztenek hobe dutela zuzenean hara deitzea, 943 08 20 00 telefonora, hain zuzen ere.

Aste Santuan, Oñatin dagoeneko finkatuta dagoen eskaintza egingo dute; hau da, Unibertsitatean eta Mikel Goiaingeruaren Parrokian ordubete inguruko bisita gidatuak. Bi daude aukeran. Berezitasuna da eskaintza hori zabaltzeko ahalegin berezia egin dutela: "Promozio handia egiten ibili gara; gure eskaintza Frantzian ere zabaldu dugu, eta informazioa banatu dugu Gipuzkoan, Araban eta Nafarroan. Hala, espero dugu jende asko etortzea. Orain arte, Imsersoko taldeak, ikastetxeetakoak… etorri dira batik bat, eta orain beste talde desberdin batzuk etorriko direla uste dugu", esaten du Iñaki Igartuak. "Zaila da esaten nondik etorriko diren. Seguru asko, Kataluniatik eta Madrildik etorriko dira asko, baina baita Frantziatik ere". Igartuak gaineratzen duenez, "Aste Santuan eguraldiak ez du eragin handirik izaten bisitari kopuruan; normalena da jendeak erabakita izatea plana, eta horrekin jarraitzea".

Oñati-Arantzazu autobusa

Aste Santuko jaiegunetan indartu egingo dute Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua. Domekan ez ezik, Eguen Santuan (martxoak 20), Egubakoitz Santuan (21) eta Pazko-astelehenean (24) ere egongo da zerbitzua, eta baita San Jose egunean ere (19). Egun horietan, 07:30ean hasita, ordubetean behin, 19:30 arte egongo da autobusa; Arantzazutik Oñatira, 08:00etatik 20:00etara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak