Plazan kamerak jartzea salatu du ezker abertzaleak

Oihana Elorza Gorostiza 2007ko mai. 10a, 18:33
Guztira 11 kamera daude: udaletxe inguruan lau, udaltzaingoaren eraikin berrian eta bake epaitegian bost eta azokan bi.

Ezker abertzaleak salatu du Udalak kamerak jartzea plazan eta inguruan. "EAJren nagusitasuna ikusten da hor, Oñati anaia handia bihurtuz. Hori gertatu da udalbatzak ez duelako oposiziorik izan", esan zuen Karmelo Arregik ezker abertzalearen izenean. Ezker abertzalearen iritziz, hiru arrazoi hauengatik izango da ezaguna Oñatiko azken legealdia: "apartheida kudeatzeagatik, gaztetxea bota eta gazte mugimendua suntsitzeagatik eta kamerak jartzeagatik".

Ezker abertzaleak galdetu du ea nork kontrolatu eta zein erabilpen emango dioten kamerek hartutako informazioari eta herritarrak animatu ditu agur egitera kameren aurrean pasatzean.

Txikizioak gertatzen direlako
Lourdes Idoiaga alkateak argitu du penagarria dela neurri hori hartu behar izatea baina txikizioak egoten direlako hartu dutela, ez direla pertsonen kontrolerako. "Legeak agintzen duenarekin oso lotuta daude eta ez dira pertsonak kontrolatzeko, baizik inongo errespeturik gabe ondare publiko eta pribatua txikitzera zuzendutako ekintzengatik jarri dira, batez ere udaltzainak ez daudenean", esan du alkateak. "Legeak agintzen duen moduan, grabatutako irudiak zerbitzari seguru baten egongo dira eta udaltzainburuak bakarrik ikusi ahal izango ditu. Egun gutxitara automatikoki ezabatuko ditu irudiak sistemak berak", argitu du Lourdes Idoiagak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak